Familientzako elikadura eskola antolatu du Jangurie ekimenak
Hiru tailer antolatu dituzte; Astran izango dira hiru barikutan, 18:00tan. Seme-alabek sukadaritza tailerretan parte hartu ahalko dute, eta txikienentzako haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
Busturialdeko familiei zuzendutako eskolak izango dira, eta horien baitan hiru tailer antolatu dituzte. Badira bi urte Busturialdeko 16 eskolek Jangurie ekimena sortu zutela. Diotenez, lanean ibili dira euren helburuak lortu aldera eta esku artean dauzkaten egitasmoak “asko” dira; horietako bat da, gaur eguerdian Astran aurkeztu dutena.
Bidezko elikadura erakundearekin elkarlanean antolatu dute familientzako elikadura eskola. Tailerrak Gernika-Lumoko Astran izango dira; otsailaren 14an, 21ean eta 28an (barikuak denak), 18:00tan. Tailerrak doan eskainiko dituzte, baina interesa daukatenek izena eman beharko dute, eta otsailaren 12a da horretarako azken eguna. Guraso elkarteetan edo 688 63 04 75 telefono zenbakira WhatsApp bat bidalita izena eman daiteke.
TAILERRAK:
- Otsailak 14: Nork erabakitzen du jaten duguna?
- Otsailak 21: Nola jan dezakegu hobeto eta osasuntsuago?
- Otsailak 28: Zer jaten dute gure seme-alabek jantokian?
Eguneroko elikagaiak landuko dituzte elikadura eskoletan, familian zein eskolan, “ikuspegi kritiko eta praktiko batetik”.
Nagusiak tailerretan dauden bitartean, seme-alabek sukaldaritza ikastaro praktiko batean parte hartzeko aukera edukiko dute. Txikienentzako, berriz, haurtzaindegi zerbitzua egongo dela azaldu dute.
“Osasungarria, bertokoa eta bidezkoa” den elikadura eredu baten alde lanean jarraitzeko deia egin dute, beste behin ere: “Eskola jantokiak aldatzea posible delako, bakoitza bere esparrutik eta elkarlanean lortuko dugu”.