Murueta Sokatira Taldeak brontzezko domina lortu du 640 kilotan
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren gizonezkoen 640 kiloko finalean Beti-Gazte talde nafarrak jantzi du txapela. Zilarrezko domina Ibarrarentzat izan da. Astebu honetan, 600 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Arabako Dulantzi herrian.
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan bi final lehiatu zituzten zapatuan, Idiazabalen. Gizonezkoen 640 kiloko kategorian eta emakumezkoen 540 kilokoan Beti-Gazte talde nafarra izan da onena.
Gizonezkoetan, brontzezko domina eskuratu du Murueta Sokatira Taldeak. Zilarra, berriz, Ibarra talde gipuzkoarrarentzat izan da.
Finalerako aldaketa pare bat egin zituztela azaldu du Jon Eskibel entrenatzaileak: “Denboraldi honetan tiratzaile barri bat daukagu; aurretik ere gugaz aritutakoa da”. Emaitza espero zutela zehaztu du: “Oraindik ere asko daukagu hobetzeko, baina, orokorrean hobetzen goaz. Gehiago ere espero nuen. Bigarren postua ere eskura izan genuen. Zuraide Agaz eta Ibarragaz berdindu egin genuen eta hor galdu genituen puntuak. Lehenengoa oso zaila zen, Beti-Gazte nafarrak besteok baino maila altuagoa daukatelako”.
Emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldian Badaiotz nagusitu zen eta Beti-Gazte eta Gaztedi sailkatu ziren atzetik. Txantrea eta Ibarra laugarren eta bosgarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Ondorioz, hiru jardunaldietan puntu gehien lortu dituen taldea eta txapela etxeratu duena Beti-Gazte talde nafarra izan da, orotara 14 puntu lortuta. 13 puntugaz Badaiotzentzat izan da zilarrezko domina eta Gaztedik jantzi du brontzezkoa (7,5 puntu).
Astebu honetan, Araban. Gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta gizonezkoen 500 kiloko lehenengoa jokatuko dituzte zapatuan [otsailak 1], Arabako Dulantzi herrian.
Gizonezkoen 600 kiloko lehen saioa urtarrilaren 18an jokatu zuten Burlegun. Orduko eta zapatu honetako emaitzak kontuan hartuta, puntu gehien lortzen dituzten sei taldeak sailkatuko dira aurtengo 600 kiloko finalerako. Otsailaren 8an [zapatua] Ibarran jokatuko dute finala.
Burleguko lehen jardunaldian Beti Gazte nagusitu zen, eta Gaztedi eta Ibarra sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Hiru puntu eskuratuta, Murueta bosgarren sailkatu zen. Finalerako txartela eskuratuko duten sei taldeen artean egotea da Murueta Sokatira Taldeko kideen helburua. “Normalean, sailkapen saioetan finalean sartzen ez dugun jendea sartzen dugu, ikasten joan daitezen”.
Bestalde, emakumezkoen taldeek 500 kiloko lehen saioa egingo dute Dulantzin. Sei talde hauen artean erabakiko da 2020ko txapelduna: Gaztedi, Ibarra, Badaiotz, Beti-Gazte, Txantrea eta Antsoain.