1.070 pertsonak eman dute aurretiaz izena Etxera Trailen, "inoiz baino gehiagok"
Gernika-Lumon ospatuko da domekan Etxera Trail, eta leku guztietatik gerturatutako kirolari eta mendizaleek parte hartuko dute. Aurretiaz izena emateko epea domekan itxi zuten, eta 1070 pertsonak eman dute izena; inoiz baino gehiagok. Zapatuan, 19:00etan, 'Kartzelarik kirolera' berbaldia egingo dute Harizpen.
Domekan ospatuko da Gernika-Lumon Etxera Trail, eta Euskal Herritik zein kanpotik udalerrira gerturatuko diren lasterkari, mendizale eta kirolariek parte hartuko dute presoen eskubideen aldeko kirol jardueran. Izena emateko epea joan den domekan itxi zuten, eta guztira 1.070 pertsonak eman dute izena; inoiz baino gehiagok.
“Iaz eguraldi txarragaz 700 pertsona inguru batu ginen, eta lehenengo bi urteetan 1000 pertsona inguru izan ginen. Aurten aurretiaz horrenbeste pertsonak izena ematea sorpresa izan da, espero genuna baino gehiago”, aipatu dute antolatzaileek. Martxa laburra, martxa luzea eta lasterketa egiteko aukera izango da domekan, eta lasterketarako bakarrik 375 pertsona daude izena emanda. Martxa luzean 492 lagun daude apuntatuta, eta 201 martxa laburrerako.
Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo dela adierazi dute antolatzaileek, eta 400 pertsona inguru apuntatzea espero dute. “Aurreko urteetakoa ikusita, beste 400 pertsonak izena emango dutela uste dugu. Kalkuluek 1.500 pertsona hurbilduko direla diote, eta ilusioz baina arduratuta gaude”. Lasterketan parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta 75 dortsal bakarrik geratzen direla diote.
09:00etan aterako dira martxa luzea egin behar dutenak, Pasealekutik. Lasterketakoek, berriz, 10:30ean dute hitzordua, eta martxa laburra egingo dutenek 10:45ean. Lehenago, baina, goizeko 09:00etan, presoen senideei omenaldia egingo diete: “Ekitaldi txikia izango da, dantzariek aurreskua dantzatuko diete eskualdeko presoen senideei. Halaber, lasterketariek ere papelez egindako kartzela apurtuko dute”.
Ibilbide “erraza”. Martxa luzekoek eta lasterketakoek ibilbide bera egin beharko dute, eta iazko bera: «Ez da oso gogorra. 16 kilometro dira, baina ez dauka malda askorik». Martxa luzeko eta lasterketako kirolari eta mendizaleek 650eko malda positiboa izango dute, eta martxa laburrekoak 350ekoa. “Publiko guztiei egokitutako ibilbidea da, baina aurreko asteetako euriteen ondorioz bidea lokaztuta egongo da”. Bidea garbitzen lan asko egin dute azken asteetan, “haizeak direla eta arbola asko egon baitira jauzita”.
Etxera Trail ez dala konpetiziorako lasterketa bat, lagunartean, mendian, kirolean, aldarrikapenean egitekoa baizik. Eta jarrera lehiakorra alde batera utzita, mendi lasterketetan puntaren puntan dabiltzan kirolariak ere izango dira domekan Gernika-Lumon. Probak iraun bitartean, Biztu Irratiko kideak zuzenean jarraituko dituzte probaren nondik norakoak.
Goizeko probak giro onean egiteko antolatu dituzte, eta ostekoari ere jai giroa emango diote. Horretarako, urtero legez, pintxopotea egingo dute. Pintxoak kontsumitzeko bina txartel hartuko dituzte Etxera Trailen parte hartzen duten denek. “Giro ona sortzeaz gain, herriko tabernak jendez betetzea bilatzen dugu”.
Hitzaldia Harizpen. Laugarrenez antolatu dute Etxera Trail, eta berrikuntzekin datoz aurtengoan. Mendi proba domekan den aurren, zapatuan, Kartzelatik kirolera izeneko berbaldia egingo dute, 19:00etan, Harizpen. Alfon Sebastian, Zigor Iturrieta eta Urko Manzisidor preso egondako kirolariak egongo dira bertan, eta kartzelaren eta kirolaren artean egon daitezkeen harremanak eta harreman ezak jorratuko dituzte.
Hitzaldia asteburua “borobiltzeko” aukera dela diote antolatzaileek: “Kirol proba egiteaz gain, kanpotik datozen mendizaleei beste eskaintza bat emateko asmoz antolatu dugu. Aldarrikatzeko eta gaian sakontzeko beste bide bat da”.