Dominak pilatzeko ilusioagaz
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketan, 640 kiloko finala lehiatuko dute asteburu honetan.
Urtarrilaren 11n hasi zuten 2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Otsailaren 16ra arte, astebururo lehiatuko dira sokatiralariak. Txapelak eta dominak lortzea da Murueta Sokatira Taldeko kideen ilusioa eta erronka. Horretarako ari dira gogotsu lanean.
Apur bat makaltsu hasi direla aitortu dute: “Erdipurdika hasi gara, baina apurka-apurka gorantza goaz, hobetzen. Uribekostatik Ugarte etorri berri da; orain dela bi denboraldi ere gugaz aritu zen. Laguntza bat gehiago da. Entrenamendu eta moral aldetik baxutsu hasi gara. Desilusionatuta hasi gara. Baina, gorantza goaz, eta lortu ahal da. Sokatiran buruak asko egiten du”. Pentsaera positiboa edukitzearen garrantzia aitatu dute.
Hobetzen joanda, hemendik eta Munduko Txapelketara “kalitate gehiago” hartuko dutenaren ziurtasuna daukate. Taldekideen helburua “medaila artean egotea” dela adierazi dute taldearen ordezkariek: “Ahalegina egiten dugu; ahal dena egiten dugu. Helmuga beti daukagu goian”. Taldekide berriak sartu dira, eta suspertzen eta indarberritzen ari dira: “Talde ona osatzen ari gara. Bakoitza bere postura zein talde modura, egokitzen eta moldatzen ari gara. Denbora bat eroaten du horrek”.
Etxetik hurbil aritu dira aurreko domekan. Busturiko Altamira auzoan lehiatu zuten 2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketaren 4. jardunaldian. 640 kiloko bigarren saio horretan, Beti-Gazte talde nafarra izan zen onena, eta Murueta laugarren sailkatu zen. 640 kiloko finala zapatuan [urtarrilak 25] lehiatuko dute Idiazabalgo pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, aurretik egindako 640 kiloko jardunaldi bietan puntu gehien lortu dituzten sei taldeak sailkatu dira finalerako. Puntuazioaren arabera, horrela sailkatu dira: Beti-Gazte, Ibarra, Zuraide A, Murueta, Txantrea eta Zuraide B. Finaletik kanpo gelditu dira Abadiño eta Antsoain.
Bestalde, emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia ere lehiatuko dute Idiazabalen. Hiru jardunaldietan puntu gehien lortzen dituen taldeak etxeratuko du aurtengo txapela. Momentuz, Beti-Gaztek pilatu ditu puntu gehien: 10 puntu. 8 puntugaz dago Badaiotz eta 5,5 puntugaz Txantrea. Gaztetik eta Ibarrak 4,5 eta 2 puntu dituzte, hurrenez hurren.
Beste urte batez, nafarrak oso gogor daudela azpimarratu dute Muruetako sokatiralariek: “Oso gogor daude, oso entrenatuta. Urte osoan ez dute sokarik egiten eta meritu guztia daukate. Oso kalitate ona daukate. Abadiñok oso kalitate ona eduki zuen lehen, baina, blokea apurtu da. Normala da, urte askotan batera egondako taldekideak ez daude eta orain talde berri hazten ari dira, jende gazteagaz. Bloke bat egiteak urte asko daramatza. Urteetako lana da; urteetako harremana eta elkartasuna behar da”.
2016a eta 2017a taldearen urte onenak izan zirela gogoratu dute; 2016an 640 eta 680ko txapelak jantzi zituzten, eta 2017an 640koa. Iaz txapeldunorde geratu ziren 600 kilokoan eta 640 eta 560 kilotan brontzezko domina irabazi zuten. “Iaz ia pisu denetan lehenengo hiruren barruan ibili ginen, 560an izan ezik”.
Irlandara begira. Otsailaren 20tik 23ra Munduko Txapelketa jokatuko dute Irlandan. Munduko Txapelketara joatea beti ere sari eta “motibazio handia” dela diote Muruetakoek: “Han ezer lortzea oso gaitza da. Baina guk beti egiten dugu ahalegina. Talde asko doaz, eta legeak dauden moduan egonda, Euskal Herrikoentzako ez da batere erraza. Pisaketak bi egun arinago egiten dira. Talde asko pisura doaz, baina gero, agian, 640 kiloko talde bat 670egaz dago. Gu hemen pisaketa egin eta tiratzera ohituta gaude. Hemendik argalduta joaten gara, eta bertan kiloak hartzeko ahalegina egiten dugu, baina ezinezkoa izaten da”.
Taldekako lehian, 600 eta 560 kilotan lehiatzea da Murueta Sokatira Taldeko kideen asmoa, eta 640an aritzea aztertzen ari dira. “640 eta 600 egun berean dira; lehenengoa goizean eta bestea arratsaldean. Jende askok birritan tiratu beharko luke, eta tirada asko dira”.
*ARGAZKIAK: TXEBI ARRIAGA