Barazkiz egindako buzkentzen bigarren saria jaso du Barturen harategiak Mungian
Joseba Barturen "pozik" dago sariagaz, egindako lanaren aitortza dela dio.
Sanantontxuetako azoka nagusia ospatu zuten zapatuan Mungian. Horren baitan, Mungiako merkatari eta ostalarien elkarteak antolatuta, buzkentz eta txorizoen 24. Euskadiko sariketa egin zuten. Urtero-urtero, Busturialdeko harategiek izaten dute garaikurrik eta aurten ere hala izan da. Barazkiz egindako buzkentzen bigarren saria lortu du Bermeoko Barturen harategiak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, barazkiz egindako 26 buzkentz aurkeztu dituzte aurtengo txapelketara; arrozez egindakoak, berriz, 16 izan dira. Epaimahaikideen arabera, maila oso ona egon da aurtengo txapelketan.
Joseba Barturen “pozik” dago sariagaz, egindako lanaren aitortza dela dio. Hainbat urte daramatzate sanantontxuetako sariketan parte hartzen eta handik sariekin askotan bueltatu dira; buzkentz zein txorizoen kategorian. Sariek lagundu egiten dutela argi dauka Barturenek, “publizitatea baita”.
“Beti berdin lantzen ditugu buzkentzak, sariketetarako badira ere; ez dakigu beste modu batera egiten. Sekreturik ez dago, bertoko kipula eta porrua erabiltzen ditugu; bertoko produktu freskoa erabiltzea baino ez dago”. Buzkentza lan handia ematen duen produktua da Barturenen arabera. Gaur egun, gainera, urte guztian saltzen den produktua da: “Lehen, neguan baino ez zen saltzen, lapikoetan erabiltzen zelako. Gaur egun, aldiz, beste modu askotan prestatzen da. Beraz, oso ondo saltzen dugu”.
Iazko abenduaren 8an, Elorrioko odoloste txapelketako bigarren saria jaso zuten, eta 2018an lehenengo sariagaz bueltatu ziren.