Imanol Goñi natxituarra nagusi, Bizkaiko Kros Txapelketan
Gernika-Lumoko taldeak 11 domina eskuratu ditu Berrizen. Gernikako Arin Arin Atletismo Taldeko nesken eta mutilen kadeteek ere urrea jantzi dute.
Bizkaiko Kros Txapelketa jokatu zuten domekan, Berrizen, eta Gernikako Arin Arin Atletismo Taldeko eta Tximista Atletismo Taldeko kideek parte hartu zuten. Imanol Goñi natxituarrak Bizkaiko txapela jantzi zuen absolutu kategorian (35.53).
GATren kamisetagaz estreinatu zen Goñi. “Mendiko lasterketan eta errepidean gaitasun itzela duela ezaguna da, baina, aspaldi krosean ibili barik egon da. Jaun eta jabe izan da senior kategorian eta bere lehenengo lasterketan erraz irabazi du Bizkaiko txapela”, esan dute taldearen arduradunek. Taldeko bederatzi atleta lehiatu ziren kategoria horretan, eta esaterako, Javi Goitia gernikarra bosgarren sailkatu zen (37.11).
Emakumezkoetan, Irene Loizate nagusitu zen; Bilbao Atletismo Taldeko Maria Zorroza gernikarra laugarren sailkatu zen.
Gernika-Lumoko taldeak 11 domina eskuratu zituen; lau bakarka eta zazpi taldeka.
Kadeteak, indartsu. GATaren 40 bat ordezkari egon ziren Bizkaiko Txapelketan. “Ibilbide gogorra da Berrizkoa; igoera asko eta malkartsuak dira batzuetan, baina, emaitzak ikusita, ondo moldatu gara. Taldeka, aurkeztutako kategoria guztietan lehenengo hiruren artean sailkatu gara”.
Kadete mailan nesken zein mutilen taldeek Bizkaiko txapeldun izatea lortu dute. Ane Zugazaga, Irati Duñabeitia eta Jone Oar Arteta lehen hamarren artean sartu ziren nesketan eta mutiletan Jon Zugazaga eta Unai Vazquez ere onenen artean sailkatu ziren.
Halaber, gazte mailako nesken eta mutilen taldeak brontzezko domina irabazi zuten, eta gizonezkoen junior eta senior taldeek zilarrezkoa.
Bakarko lanean, Ane Zugazaga kadeteak eta gazte mailako Maria Goitiak zilarrezko domina lortu zituzten. Mikel Goitia ere podiumean sartu zen etorzkinekoak kategorian; brontzezko domina jantzi zuen.
*ARGAZKIAK: Gernika Atletismo Taldea