Basurdeek beste garaipen bat lortu dute etxean
15. jardunaldian, Gernika Rugby Taldeak 19-10 irabazi dio Uribealdea RKEri. Asteburu honetan, Bilbon jokatuko dute basurdeek.
Ohorezko B mailako A multzoko sailkapeneko bigarren postuan sendo jarraitzen du Gernika Rugby Taldeak. Zapatu eguerdian Urbietan lehiatu zuen 15. jardunaldiari zegokion neurketa, eta talde gernikarra 19-10 nagusitu zitzaion Uribealdea RKEri.
Gernikarrentzat neurketa ez zen eurak espero bezala hasi. Neurketan sartzeko zailtasunak eduki zituzten; zenbait baloi galdu zituzten hasierako jokaldietan. Hamargarren minutua iritsi aurretik Uribealdeak gernikarren defentsari aurrea hartzea lortu zuen, markagailuan aurrea hartuz (0-7). Gainera, Langi Lolotongak txartel horia ikusita, hurrengo minutuetan bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen etxeko taldeak.
Gernika RT egoerari buelta eman nahian aritu zen, baina defentsan egin zituzten kolpeez eta galdutako baloiez aprobetxatu ziren Uribealdekoak. Atsedenaldirako hamar bat minutu falta zirenean, zigor ostiko batez baliatuz, 0-10ekoa jarri zuten markagailuan. Ekinean jarraitu zuten basurdeek, eta partidua 40. minutura iristear zegoela, etxekoentzat lehen entsegua eskuratu zuen Peio Urrutiak. Horrela, 5-10ekoarekin ailegatu ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian itxura hobea erakutsi zuen etxeko taldeak. Neurketa aurrera ateratzeko erabakiaren zelairatu ziren basurdeak. Hala, bost minutu igarota, Lindokhule Welemuk Gernikaren aldeko bigarren entsegua lortu zuen. Solomona Parakiren transformazioarekin, lehenengoz aurretik jarri zen Urbietako taldea.
Ostean neurketako jokoa moteldu egin zen. Etena izan zen; ez zen ia joko arinik ikusi. Partidua amaitzeko hamar bat minuturen faltan iritsi zen Gernika RTren hirugarrena, Langi Lolotonga jokalariaren bitartez. Azken minutu horietan, basurdeak erasoko bonus-puntua lortzea suposatuko zuen entseguaren bila aritu ziren gogotsu. Baina, Uribealdeak ere momentu horretan galduta zuen defentsako bonus-puntua eskuratu nahi zuen. Azkenean joko horrekin amaitu zen neurketa.
Zapatuan, Bilbon. Gernika RTk Universitario Bilbao Rugby bisitatuko du, zapatuan (18:30). Lehenengo itzulian, 5. jardunaldian jokatu zuten Urbietan, eta basurdeek 15-20 galdu zuten. Beraz, esan dutenez, oraingoan neurketa horretan “galdutako puntuak etxera ekartzeko” asmoz joango dira Bilbora.