Aurten bai, bisiguekin iritsi da San Anton
Kankinkabara Txistu Taldekoak kalejiran ibili ziren barikuan; Portuzarretik zein Lameratik zabaldu zituzten txistu doinuak.
Azken urteetan egin modura, Kankinkabara Txistu Taldeko txistulariek kalejira egin zuten San Anton egunean. Antzina, garai honetan arrantzaleak bisigua arrantzatzera ateratzen zirela gogora ekarri gura dute beste behin ere Kankinkabarakoek. Aurten, gainera, zortea eduki dute eta bisiguak bota dizkiete. Iaz, bisigurik ez eta zapoak bota zizkieten.
20:00ak aldera hasi zuten barikuan kalejira. Arrantzaleak esnatzen edota Kresaletan doinuak jotzen ibili ziren Portuzarretik, bai eta Lameratik ere. Kalejira amaitzerakoan ospakizunetarako tartea hartu zuten eta bisiguak afaltzera joan ziren.