Euskadiko Goma Gaineko Txapelketaren 4. jardunaldia lehiatuko dute Busturian, domekan
Zapatuan Arabako Elburgo herrian ariko dira, emakumezkoen zein gizonezkoen taldeak. Busturiako Altamira auzoan, ostera, gizonak lehiatuko dira soilik, domekan.
2020ko Euskadiko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa aurreko asteburuan hasi zuten emakumezkoen eta gizonezkoen taldeek, eta asteburu honetan beste bi jardunaldi lehiatuko dituzte. Arabako Elburgo herriak hartuko 3. jardunaldia zapatuan 17:00etatik aurrera. Domekan, berriz, Busturian dute hitzordua, 11:30ean.
Emakumezkoek 540 kiloko bigarren saioa egingo dute zapatuan. Azkoitiko 1. jardunaldian Beti-Gazte talde nafarra izan zen onena. Haren atzetik Badaiotz, Txantrea, Gaztedi eta Ibarra sailkatu ziren.
Gizonezkoen lehian, 600 kiloko lehen saioa hartuko du Elburgok. Talde hauek ariko dira zein baino zein gehiago: Murueta, Gaztedi, Ibarra, Beti-Gazte, Txantrea, Berriozar eta Antsoain. Busturian, berriz, 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute.
Lehen txapela, Beti-Gaztek. Gizonezkoek 680 kiloko txapelketa lehiatu zuten Azkoitian, eta Beti-Gaztek jantzi zuen aurtengo lehen txapela. Zuraide Ak eta Goiherrik osatu zuten podiuma, eta Murueta bosgarren sailkatu zen.
Domekan, berriz, 640 kilokoagaz hasi ziren gizonezkoen taldeak, Mungian. Hor ere Beti-Gazte nagusitu zen. Muruetako taldea laugarren geratu zen, Ibarraren eta Zuraide Aren atzetik.
Bi hilabete. Otsailaren 16an Nafarroako Ezkabarte udalerrian amaituko dute 2020ko Euskadiko Goma Gaineko Euskadiko Txapelketa. Hain zuzen ere, txapelketaren azken asteburuko bi saioak Nafarroan izango dira, azken aurreko jardunaldia Berriozarren egingo baitute. Bitartean, astebururo lanean ariko dira Euskal Herriko taldeak.
Baina, txapelketan ahalik eta emaitzarik onena lortzeaz gain, Munduko Txapelketara begira ere badaude sokatiralariak. Izan ere, otsailaren 20tik 23ra Irlandan jokatuko dute, eta denen ametsa da bertan egotea.