Busturiko EH Bilduk herritarren lehentasunak batu ditu aurrekontuei begira
Dozena bat proposamen jaso dituzte, gehienak, kalean herritarrekin egonda.
2020ko aurrekontuari begira Busturiko EH Bilduk herritarren lehentasunak zeintzuk diren jakin gura du, eta horretarako, prozesu parte hartzailea abiarazi zuten abenduan. Orain arte prozesuak izan duen erantzunagaz “pozik” agertu da Bittor Rueda.
Dozena bat proposamen jaso dituzte. Hala ere, Ruedaren arabera, lortzen den proposamen kopurua baino “sortzen duen efektuak” dauka garrantzia. Proposamen gehienak zuzenean jaso zituzten abenduaren 22an; izan ere, auzoz auzo ibili ziren EH Bilduko kideak. “Jendeagaz egoteko oso aukera polita eduki genuen, eta, beharbada, hori da ahalegin honen alde garrantzitsu bat”.
Galdetegi bat prestatu dute, eta herritarrek etxeetan jaso dute. Aldaketa klimatikoa, kirola, auzoak, kultura, gazteak, feminismoa, bideen segurtasuna, etxebizitzak, umeak, euskara, nagusiak… Hainbat gairi buruzko galderak prestatu dituzte. Galdetegia aurkezteko modu ugari ere jarri dituzte; Internetez, postaz… «Jendeari, hala ere, kosta egiten zaio pentsatzea zer gura duen. Gainera, uste dute ez duela balio izango».
Hortaz, kalean egonik, herritarrak eurengana hurbildu direla diote, bai eta eurak herritarrengana ere: “Mahaia auzoetan jarri eta ingurutik mugitzen ginen. Hauteskundeetatik kanpo herritarrekin kalean egotea esperientzia polita izan da”
Oposizioan daudela gogorarazi du, eta, hortaz, planteamendua “guztiz ezberdina” da: “Gure poltsikoetatik eta gure lanetik atera dira diseinua zein materiala. Gainera, guk herriarekiko daukagun perspektiba desberdina da. Jendeak pentsatu ahalko du guk zerbait esan arren gobernuan daudenak beste batzuk direla”.
Busturiko EH Bilduk herrian aspaldi antzeman dituen zenbait arazo agertu dira berriro herritarren kezken artean; esate baterako, Sakonetako espaloia. Gazteak herrian geratzeko erraztasunak ematea ondo legokeela ere uste dute busturiarrek, eta hainbat ikuspegitatik ikusten da gaia; etxebizitza arazoa da horietako bat: “Aspaldiko borroka da etxebizitza publikoaren eskaintza egitearena”.
Bestalde, egunerokotasunagaz lotutako gaiak ere agertu direla dio Ruedak, “herrian dauden gune zikinak edo mantenua behar dutenak”.
Hala ere, EH Bilduren programan lehentasun batzuk daude, eta horiek urteetan banatu behar dituztela argi daukate, “ez delako Olentzeroren gutuna”. Badakite zenbat diru dagoen, eta ezin daiteke gura den guztia egin, eta herritarrek ere hori jakin behar dute: “Hala eta guztiz ere, herritarren lehentasunak eta nahiak zeintzuk diren jakitea, ondo dago, gure lehentasunekin uztartzeko”.
Idatziz ekarpenak egiteko aukera oraindik badagoela jakinarazi dute, “aurrekontuen gaia normalean martxora arte luzatzen baita”. Etxeetara bidalitako galdetegiak EH Bilduren Busturiko egoitzara bidali daitezke (San Kristobal 26, behea); edo, nahi izanez gero, emailez, busturia@ehbildu.eus helbidera.