Bermeoko Mendien Bira antolatu dute domekarako
Taraskan hasiko dute ibilbidea, 08:30ean. Irteera egiteko ez da aurretiaz izenik eman beharko
Sollube 707 mendizale taldeak Bermeoko Mendien Bira antolatu du domekarako. Herriko tontorrak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen duen irteera dela azaldu dute mendi taldeko kideek.
Animatzen diren herritarrak, Taraskan egon beharko dute, 08:30ean. Irteera egiteko ez da aurretiaz izenik eman beharko.
Taraskatik Katillotxura abiatuko dira. Katillotxu igo ostean, Solluberako bidea hartuko dute. Ondoren, Garbola eta Burgo igoko dituzte.
Mendi taldekoek azaldu dutenez, 24 kilometro inguruko ibilbidea izango da domekakoa. Hala ere, aukera asko eskaintzen dituen ibilbidea da: “Ez da zertan ibilbide osoa egin behar. Sollubetik jaisterakoan eta Mañura iritsita, esaterako, posible da Almika auzotik herrira jaistea. Irteera umeekin egin gura duten horientzako ondo dago. Bestela, Agarre auzotik jaisteko aukera ere badago”. Mañutik aurrera egiten dutenek, ibilbidea amaitzeko izaten dela azaldu dute antolatzaileek.
Bermeoko Mendien Birako ibilbidea “oso polita” dela diote; “Bermeoren ikuspegi osoa eskaintzen baitu”. Hala, Sollube 707 mendizale taldeko arduradunek ibilaldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak.