Lointek Gernika Bizkaia hamar puntuko aldeagaz nagusitu da Tenerifen
2019-2020 denboraldian, Endesa Ligan lortzen duen hamabigarren garaipena da talde gernikarrarentzat.
Eurokopan ez ezik, Endesa Ligan ere garaipenak pilatzen jarraitzen du Lointek Gernika Bizkaiak. Atzo arratsaldean Tenerifen lehiatu zuen 16. jardunaldiari dagokion partidua, eta Ciudad de la Laguna Teneriferi 62-72 irabazi zion. Denboraldi honetan talde gernikarrak ligan lortzen duen hamabigarren garaipena da.
Joanekoan talde kanariarrak eman zuen ezustekoa Malosten; bi puntugatik (78-80) nagusitu zen. Baina, atzo ez zuen hutsik egin Loinekek. Sendotasuna erakutsi zuen, eta hasieratik bukaerararte etxeko taldea baino aurrerago aritu zen. 5-10 puntuko errenta eduki zuen momentu askotan, eta hirugarren laurdenean, hirukoei esker aldea nabarmenagoa izan zen. Egueneko Eurokopako etxeko partiduan Naiara Diez kapitaina izan zen partidua hautsi zuena, eta atzo, berriz, Juana Molinak hartu zion lekukoa, hirugarren laurdenean erakustaldia emanda.
Atzean sendo eta kontraerasoan ere txukun hasi zuen norgehiagoka Lointek Gernika Bizkaiak. Berak ezarri zuen erritmoa, eta defentsan aurrea hartuta, erroboteko lanagaz eta defentsako aldaerekin aurkaria bere kantxan deseroso sentitzea lortu zuen. 11 puntuko aldeagaz (11-22) amaitu zuten lehen laurdena.
Traore etxeko jokalaria kantxaratuta, Tenerifek erasoko jokaldiak hobetu zituen. 19-24ko markagailuagaz zeudela, Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak partidua gelditu zuen. Lehen lerroan estutzen hasi ziren etxekoak. Aldea murrizten ari ziren, eta Lointekekoek erantzun beharra eduki zuten. Berriro ere talde lana giltzarria izan zen, eta jokaldi biziei esker, errentari eutsi zioten. Bigarren laurdenean, aipatzekoa izan zen Milic-en lana. Bosniarrak defentsan zein erasoan daukan kalitatea agerian utzi zuen; jokaldi ikusgarriak burutu zituen. Lehen zatian 14 puntu eta 4 errebote pilatu zituen (21 puntu eta 10 errebote partiduan).
Sei puntuko errentagaz (31-37) amaitu zuten lehen zatia, eta hirugarren laurdenean, zonakako defentsari eutsi zion talde kanariarrak. Bigarren zatia hasi eta bi minutura, Ocetek kantxa utzi behar izan zuen min hartuta. Horrek Lointeken jokoan eragina izan zuen. Atkinson Tenerifeko jokalaria da ligan saskiratze gehien dituena, eta hura geratzea ez da erraza. Hala ere, talde gernikarrak markagailuan aurretik jarraitu zuen. Hain zuzen, 45-58ko markagailuagaz sartu ziren azken laurdenera. Baina, Lointekekoek bazekiten ezin zutela partidua irabazitzat jo. Ez zen loak hartzeko momentua, eta amaierara arte erne mantendu ziren. Defentsan sendo jarraitzea behar-beharrezkoa zen, eta hala egin zuten. Azken minutuetan, erasoan ez zuten jokaldi ikusgarririk burutu, baina, hala ere, hamabost puntuko errenta lortu zuten. Etxeko taldeak ere ekinean segitu zuen, eta horri esker, hamar puntura ere jarri zen (50-60), baina, egindako ahalegina ez zen nahikoa izan.
Laugarren. Emakumezkoen Ligaren sailkapenean laugarren postuan dago Lointek, 28 puntugaz, eta puntu kopuru bera dauka Valencia BC hirugarrenak. Puntu bakarreko aldea daukate Spar Citylif Girona bigarrenarekiko, eta Perfumerias Avenida liderrak 30 puntu ditu.