Getxoko derbia irabazi dute basurdeek
18-25 nagusitu zaio Gernika RT liderrari, gaur. Galtzen joan arren, bigarren zatian markagailua iraulita lortu du garaipena. Denboraldi honetan Getxoko taldea ligan partidurik galdu barik egon da gaur arte.
Gernika Rugby Taldeak lau puntu gehiago poltsikoratu ditu gaur, Getxon. Ohorezko B mailako A multzoko sailkapeneko lehen bi taldeen arteko derbia izan da eguerdikoa. 18-25 irabazi dio talde gernikarrak multzoko liderrari. Hain zuzen ere, Getxoko taldearentzat denboraldi honetan ligan galdu duen lehen neurketa izan da.
Gernika RTk bigarren postuan jarraitzen du. Hamahiru partidu jokatuta, 55 puntu ditu, Getxok baino hamar gutxiago (haiek neurketa bat gehiago jokatu dute).
Ohorezko B Mailari dagokion 14. jardunaldian, garaipen garrantzitsua eskuratu dute basurdeek. Sailkapeneko lehen bi taldeak parez-pare egonda, ez zela neurketa erreza izango aurreikusten zen. Lehen itzulian, 3. jardunaldian jokatu zuten Urbietan, eta 15-18 nagusitu ziren Getxokoak.
Gaurkoa partidu berdintsua izan da 1o. minutu aldera arte, etxeko taldeak lehen entsegua lortu duen arte, alegia. Talde sendoa da Getxo, eta 20.minuturako hamar puntu pilatu ditu. Baina, Solomona Parakiren bitartez, bere aldeko zigor-ostiko batez baliatu da Gernika RT aldea murrizteko: 10-3. Erlojuari begira, bazirudien lehen zatia emaitza horrekin bukatuko zela, baina lehen zatiko azken jokaldian (40. minutuan) Getxok beste entsegu bat lortu du. Ondorioz, 15-3ko markagailuagaz ailegatu dira atsedenaldira.
Bigarren zatia, ikusgarria. Atsedenaldiaren ostean, basurdeak determinazio handiz zelairatu dira. Markagailuari buelta emateko gogotsu zeuden, eta euren kemena eta indarra agerian geratu dira.
Bigarren zatia hasi berri zela, Lindokhule Welemuk Gernika RTren bigarren entsegua lortu du, eta hamar bat minutura, Peio Urrutiak beste bat egin du. Biak transformatu ditu Parakik, eta horri esker irauli du markagailua talde gernikarrak: 15-17.
Hala ere, getxoztarrak ez zeuden amore emateko prest, eta azkar erantzun dute. Zigor ostikoaz baliatuz, berriro ere aurretik jartzea lortu dute, gainera. Gernikarren aurrera pausoa nabaria izan da bigarren zatian zehar; momentu askotan nagusitasunez jokatu dute.
Bi taldeek ekinean jarraitu dute. Baina, talde gernikarrak eroan du egindako lanaren saria. Federico Lezanok entsegua egin du, eta gero, partidua bukatzeko hiruzpalau bat minutu falta zirenean, Paraki izan da zigor ostiko baten bitartez markagailuan azken emaitza jarri duena.