Laguna txartelaren bitartez kultura sustatu gura du Gernika-Lumoko Udalak
Txartelak herrian antolatzen dituzten kultur ikuskizun eta ekitaldietan abantaila ekonomikoak eskainiko ditu. Bonoa erosteko interesa duenak Kultur Etxean dagoen inprimakia bete beharko du.
Laguna izeneko txartelaren bitartez kultura bultzatu gura du Gernika-Lumoko Udalak.
Txartelak herrian antolatzen dituzten kultur ikuskizun eta ekitaldietan abantaila ekonomikoak eskainiko dituela zehaztu dute udal agintariek. Hori horrela, txartelaren jabe direnek %25eko deskontua izango dute Lizeo Antzokian eta Elai Alai aretoan egingo diren ekitaldietan.
Halaber, txartela eginez gero, urtean zehar eskainiko diren bi ekitalditara doan joan ahalko dira txartelaren jabe direnak, bai eta nahi dituzten sei ikus-entzunezko ikustera ere. Gainera, Sarea sarean izena emanda duten Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako antzoki publikoetan ere %25eko deskontua edukiko dute txartel jabedunek.
Laguna txartelak 35 euroko kostua du urte guztirako. Familia abonatuek, baina, 30 euro ordaindu beharko dituzte. Bonoa erosteko interesa duenak Kultur Etxean dagoen inprimakia bete beharko du.
Informazio gehiago gura izanez gero, kultur-etxea@gernika-lumo.net helbide elektronikora idatzi ahal da, baita ere, Kultur Etxeko telefono zenbakira deitu: 94 627 02 01.