Harrera Elkarteak elkartasun zozketa egingo du beste urte batez
Ostalariek eta dendariek borondatez ematen dituzten produktuez ez ezik, herritarrek egiten dituzten ekarpenez ere osatuko dute. Abenduaren 31n 13:30ean zozkatuko dute otzara Arrien aurrean.
Aurten ere elkartasun zozketa egingo du Harrera elkarteak. Hala, otzara erraldoia osatzeko produktuak batzen hasita daude. Ostalariek eta dendariek borondatez ematen dituzten produktuez ez ezik, herritarrek egiten dituzten ekarpenez ere osatuko dute. Horregatik, laguntza eta konpromisoa eskatu die horiei guztiei.
«Euskal preso eta iheslariek giza eskubideen kontrako baldintzetan jarraitzen dutelako» erabaki dute beste urte batez elkartasun zozketa egitea. Euren berbetan, “etxetik urrun, sakabanatuta eta gaixorik” daude; esan dutenez, 246 preso, 33 iheslari eta 9 deportatu daude etxetik urrun.
Hori horrela, kartzeletatik edo atzerritik herrira itzultzen direnek ere laguntza behar dutelako egingo dute elkartasun keinua: “Kartzela edo atzerritik itzultzen direnek normalizazio eta kohesio soziala ahalik-eta arinen lor dezaten burutzen dugu zozketa. Izan ere, horretarako sortu genuen elkartea, preso eta iheslari ohiei asistentzi eta languntza integrala eskaintzeko asmoz”.
Hala, giza eskubideak “urratu” dizkieten herritarrek daukaten “laguntza beharrizanaz” ohartuta, Busturialdeko herritarrak txartelak erostera animatu gura dituzte Harrera elkarteko kideek: “Eurenganako gure solidaritatea agertzea tokatzen zaigu.
Abenduaren 31n 13:30ean zozkatuko dute otzara Gernika-Lumoko Eriaren gainean dagoen aterpean, Arrien aurrean. Elkartasun otzara Juan Kaltzada kaleko 3. erakusleihoan dago ikusgai. Zozketan parte hartzeko txartelak Busturialdeko hainbat txokotan dituztela salgai jakinarazi dute. “Eskualdeko gure herri kide guztiak animatzen ditugu elkartasun zozeketa honetarako txartelak hartzera joan daitezen. Solidarioak gara eta horrela izaten jarraituko dugu”.