Bizisare Elkarteak Aldundiari eskatu dio 2020ko aurrekontuetan tokiko ekonomiaren alde egiteko
Busturialdean baldintza duinetan bizi eta lan egin ahal izateko neurriak hartzeko eskatu dio Bizisarek Bizkaiko Foru Aldundiari. 2020ko aurrekontuetan eskualdea aintzat hartzea exijitu diote.
Tokiko ekonomiaren aldeko pauso “errealak” emateko ordua dela diote Bizisare elkarteko kideek. Hala, Bizkaiko Foru Aldundiari 2020ko aurrekontuetan Busturialderako inbertsio konkretuak lantzeko eskatu diote, “baldintza duinetan eskualdean lan egin eta bizi ahal izateko”.
“Gaur egungo egoera irauli eta ingurumen dumping ezta sozialik egiten ez den tokiko ekonomiaren aldeko pausoak eman behar dira, Busturialdean bizi garenok gure bizi proiektuak berton garatu ahal izateko”, esan dute Bizisareko kideek. Hala, ekonomia lokala sortzeko proiektuak martxan jartzeko eskatu diote Aldundiari, 2020a ezin dela halako proiektua eta politikak martxan jarri gabe joan esanez: “Honek inbertsioak eta politikak eskatzen ditu. Modu horretan, tokiko ekonomia sustatzeaz gain, bertoko bizitza berpiztu eta klima aldaketa arintzeko neurriak hartu ahalko zirelako”.
Eskualdean lehengaien eraldaketa gune bat behar dela adierazi dute elkartekoek
Busturialdeko hainbat elkarte, udalerri eta norbanakok osatzen dute Bizisare Elkartea, eta guztion artean eskualderako garapen iraunkorra jorratu eta lantzea dute helburu. Hala, bertan, baldintza duinetan lan egin eta bizitza eta etorkizun osasuntsu eta aurrerakoi bat bultzatzeko lan egiten dute. Horregatik, eskualdeko garapenari begira inbertsio errealak eskatu dituzte. Izan ere, “oso arduratuta” daude eskualdeko egoerarekin: “Eskualdearen zati handi bat Urdaibai Biosfera erreserbak osatzen du. Azken hamarkadetan lehen sektoreak eta industriak gainbehera larria bizi izan dute. %13ko langabezia dago, eta biztanleria aktiboaren %70ak eskualdetik kanpo egiten du lan. Biztanleak eta lurraldea guztiz desakoplatuta gaude”.
Lehen sektorearen alde. 1998. urtean eztabaida zabal baten ondoren eta eskualdeko hainbat eragilen parte hartzearekin Urdaibaiko Armonizio eta Garapen Plana onartu zela gogorarazi dute Bizisareko kideek: “Bertan, Eskualdeko Agenda 21 bultzatzeko borondatea zutela esan ziguten agintariek”. Baina ez dela horrela izan diote, eta hogei urteren ondoren planean onartutako ekimenak “tamalez” ez direla aurrera eraman salatu dute.
Gaur egun komunikabideetan hain agerian dagoen aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan, lehen sektore iraunkor bat eta tokiko ekonomiak bultzatzea “ezibesteko” tresna direla deritze Bizisarekoek: “Gure errekurtsoen erabilera sustatzeak kanpoko enpresekiko dependentzia gutxitzen du, baita kutsadura maila gutxitu ere. Eta lehen sektorean lanpostuak sortzeak autoen erabileraren murrizte bat ere badakar”. Baina, horretarako ez dela nahikoa komunikabideetan “bertokoa” bultzatuko dutela esatea salatu dute, eta inbertsioak egitea beharrezkoa dela deritze.
Pinudien gaixotasunari aurre egiteko, balio erantsiko basoak landatu behar direla uste dute
Neurriak. Gaur egungo egoera iraultzeko neurriak badaudela uste dute elkarteko kideek. Izan ere, Bizkaian jaten denaren kopuru txiki bat besterik ez dela bertan ekoizten adierazi dute: “Zein leku da hobeagoa elikadurari eta lehen sektoreari lotutako programak garatzeko Biosfera Erreserba batean baino?”.
Hori horrela, lehengaien eraldaketa gune bat behar dela diote, “lehen sektorari balore erantzia gehitzeko eta elikadura ohitura eta molde berriei aurre egiteko”. Ganaduaren eraldaketarako hiltegi mugikor bat eta horri lotutako despieze eta eraldaketa sistema bat ere beharrezkoa direla diote. Arrain arloan ere, ezinbestekoa dela urratsak ematea diote.
Pinudien gaixotasunari ere egin diote erreferentzia, eta irtenbidea ez dela eukaliptoa landatzea argi esan dute. Izan ere, eukaliptoak pezioak merketu eta epe batera ingurumenarentzako kaltegarriak diren arazoak sor ditzakeela arrazoitu dute: ur kopuru izugarriak xurgatu, bioaniztasuna murriztu, sute arriskuak handitu edota kromatikoki paisaia plano bat sortu. Irtenbidea balio erantsiko basoak landatzea dela uste dute, “balio ekonomiko erantzia eta balore ekologiko eta sozial erantziak dituena”. Baso anitz horiekin batera horien aprobetxamendurako erabili behar diren egur-industriak martxan jartzea ere proposatu dute, “epe luzera begira”.