"Helburu zehatzik barik parte hartuko dut datorren urtean"
Bizkaiko Mendi Lasterketen ligako hamazazpi lasterketatik seitan parte hartuta jantzi du txapela Lejarzegik. Mendatako mendi maratoia ere berak irabazi du aurten.
Lehenengoz antolatu den Bizkaiko Mendi Lasterketen liga irabazi du Ekaitz Lejarzegi Urizar ajangiztarrak, eta Gorbeia Suzienen lehiatutako Bizkaiko Txapelketan hirugarren sailkatu zen. Urte bukaera bikaina eduki du, eta datorren urtean gauza bera egiten jarraituko duela dio, “lagunartean entrenatzen, helburu zehatzik jarri gabe”.
Txapelduna zara. Espero al zenuen liga irabaztea?
Ez nuen espero. Irailean Mendatako lasterketa irabazi eta gero hasi nintzen liga irabazteko behar ziren kontuak egiten. Zenbat lasterketetan parte hartu behar nuen aztertu, eta falta ziren lasterketa guztietan parte hartuz gero, liga irabaz nezakeela ikusi nuen. Aritz Martin egon zen lehenengo hainbat denboran, eta beragaz berba egiterakoan ez niola aurre hartuko esaten nion, baina azkenean lortu nuen.
Ligako 17 lasterketetatik zenbatetan parte hartu duzu?
Seitan puntuatu dut, eta Mendatakoa irabazi. Eta beste hirutan, lehenengo bizkaitarra izan naiz: Muskizen, Lemoan eta Etxebarrin. Hala, bakoitzean 100 puntu eskuratu nituen, lortu daitezken gehienak.
Zelako balorazioa egiten duzu?
Pozik nago, urte bukaera ona izan dudalako. Urte hasieran txapelketa antolatuko zutela jakin genuen, baina ez nuen irabazterik espero. Federazioko arduradunek Arrolapekoei deitu eta guk antolatzen genituen Urdaibai Kopako lasterketak ere ligan sartu gura zituztela esan ziguten. Banekien txapelketa zegoela, baina ez zen nire helburua hori irabaztea.
Hurrengo urteari begira titulua defendatzeko asmoz aterako zara?
Berdin jarraituko dut. Gustatzen zaizkidan lasterketetara joango naiz. Helburu zehatzik ipini barik parte hartuko dut lasterketetan. Berdin zait ligako hurrengo txapela nork jantziko duen.
Zein izan da lasterketarik bereziena?
Aurtengo urtera arte nik 20 kilometroko lasterketak egin izan ditut, baina uda ostean, Mendatako maratoian parte hartzea bururatu zitzaidan, horrelakorik inoiz egin barik. Berezia izan zen; izan ere, gaztetan denok hasi gara Mendatan. Han irabaztea eta jende ezagunaren aurrean, gainera, oso polita izan zen. Handik gutxira, gainera, Gorbeia Suzien egin zen; lasterketa berezienetarikoa izan zen niretzat. Espainia mailan nahikoa lasterketa ezaguna da. Euskal Herriko mendi korrikalari onenen artean korritu nuen, eta oso berezia izan zen. Hamabosgarren iritsi nintzen helmugara. Han ez zen Bizkaiko Liga jokatu, Bizkaiko Txapelketa baizik, eta hirugarren egin nuen.
Berezienak eta gogorrenak izan dira?
Bai, luzeenak izan direlako. Mendatan 3 ordu eta 40 minutu inguruan bukatu nuen, eta Gorbeia Suzienen, berriz, 3 ordu eta erdian gutxi gorabehera. Ez nuen horren ondo egitea espero. Mendatan lasai hasi nintzen, baina Oizera heltzerakoan, bukaera ondo ezagutzen nuela aprobetxatuta, aurrera egin nuen. Gorbeian, berriz, hasieratik dena ematera atera nintzen Paul Ormaetxeagaz.
Urdaibai Kopako lasterketak ere puntuagarriak izan dira ligarako. Zelan ikusi zara?
Urdaibai Kopak Arrolapetarroi ilusio handia egiten digu, Arrolapek sustatzen duelako. Aurton lau proba besterik ez dira izan, eta batetik erretiratu egin behar izan nintzen. Ibarrurin erretiratuta, ezin nuen kopa irabazi. Aritz Martinek irabazi zuen, eta beragaz bukatu nituen Gautegiz Arteagako eta Gernika-Lumoko lasterketak. Gernikan laugarren egin nuen, eta berezia izan zen, jende ezagun asko egon zelako. Bertoko lasterketak dira, eta oso polita da. Hiruzpalau urte daramatzat parte hartzen.
Bizkaian zelako maila dago?
Maila ona dago. Hala ere, liga jarraitu dugun kirolariak ez gara larregi izan. Zortzi-hamar parte hartzailek jarraitu dugu, eta lau korrikalariren artean egon dela esango nuke.
Arrolape azken urteetan sendotu den taldea da.
Gernika-Lumoko Mendi Jaia antolatzen dugu, eta lan hori hartu arren, korritzea gustatzen zaigu. Euskal Herriko talde ezagunenetarikoa da; jendeak taldeagatik ere animatzen gaitu. Elkarregaz aztertzen ditugu lasterketak, eta urtean irteeraren bat edo beste egiten dugu. Aurten Piriniotan eta Picos de Europan egon gara. Helburu barik, inprobisatzen joaten gara lasterketetara. Taldeak urte asko daroatza lanean, eta jende oso onak parte hartu du, Maria Zorrozak edota Imanol Goñik, esaterako. Eurengatik ezagunagoa egin da Arrolape.
Gero eta jende gehiago dago?
Gero eta gazte gehiago batu dira azken urteetan. Federatutakoak 100 inguru gara. Afizioa badago, eta lasterketak ere asko daude.
Nondik datorkizu afizioa?
Gaztetan aita eta biok joaten ginen Mendatako mendi martxara. Inoiz lagunekin ere egin dut, eta bertan hasi ginen mendi lasterketekiko afizioa hartzen. 2014an Ariatzako mendi lasterketan parte hartu nuen lehenengoz. Oso gogorra egin arren, gustatu egin zitzaidan. Suabe-suabe hasi nintzen animatzen. Lasterketetan parte hartuta jende asko ezagutu dut, lagunak egin ditut, eta eurekin entrenatzen dut. Horrela hasi nintzen, eta horrela jarraitzen dut gaur egun ere.
Datorren urteari begira badaukazu erronka berezirik?
Berdina egiten jarraituko dut, lagunartean entrenatzen. Ez daukat lasterketarik begiz jota, baina Gorbeia Suzien berriz egiteko ilusioa daukat. Datorren urtean Munduko Kopa lehiatuko da han. Aurtengo denborak kontuan hartzea espero dut, munduko korrikalari onenen artean aritzeko. Zegama Aizkorri ere egin gura izaten dugu, baina 10.000 eskakizun inguru egoten dira, eta 200 korrikalarik daukate parte hartzeko aukera. Gorbeiakoa Zegamaren parekoa izango da.
Mendi duatloiekin ere ausartu zara.
Iaz lehenengoz parte hartu nuen Usansoloko mendi duatloian. Zortzigarren egin nuen, eta hobetu nezakeela ikusita, aurton berriro joatea erabaki dut, baina galdu egin ginen bidean.