Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteko boluntarioak koroak egiten ari dira, dirua batzeko
Bestalde, 22. urtez, Gabonetako mahai apaingarrien lehiaketa antolatu dute.
Minbiziaren Aurkako Bermeoko Elkarteko boluntarioek lan handia izaten dute Gabon sasoian; mahai apaingarrien lehiaketa antolatzen baitute. Orain arte lehiaketara aurkezten ez dituzten mahai apaingarriak egin izan dituzte, saldu eta dirua batzeko. Horiekin diru askorik batzen ez zutela iritzita, aurten, koroak egiten ere hasi dira.
Hiru aste daramatzate 10 boluntario inguru koroak egiten, arratsaldero; lan handia egiten ari direla dio elkarteko presidente Karmele Molanok. Orain arte 60 koro inguru egin dituzte, eta horietatik 40 saldu dituzte; 10 euro bakoitza. “Uste genuen zerbait berria egin behar genuela. Minbiziari aurre egiteko dirua beharrezkoa da, eta guk horretan lagundu gura dugu”. Orain arteko emaitzarekin oso pozik daude, eta herritarrak gonbidatzen dituzte Erretenen daukaten egoitzara hurbiltzera; lanak ikusi eta gura badute, erosteko.
Bestalde, 22. urtez, Gabonetako mahai apaingarrien lehiaketa antolatu dute. Parte hartu gura dutenek Nestor Basterretxea aretoan utzi beharko dituzte lanak abenduaren 19an; 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Hiru sari banatuko dituzte.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 20an izango da 18:00ak eta 21:00ak bitartean, epaimahaiak lanak baloratu ostean. Epaimahaiak originaltasuna, zailtasuna eta lan artistikoa kontuan hartuko ditu sariak emateko orduan.
Parte hartzaile bakoitzak mahai apaingarri bakarra aurkeztu ahalko du lehiaketara, eta lanak egiteko erabiliko den materialaren balioa ezingo da 18 euro baino gehiagokoa izan; debekatuta dago gorostia erabiltzea.
Lanak, ondoren, ikusgai jarriko dituzte abenduaren 21ean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara. Parte hartzaileek, gainera, dohaintzan utzi ahalko dituzte lehiaketara aurkeztutako mahai apaingarriak, eta horiek, elkarteko boluntarioek egindako lanekin batera, salgai jarriko dituzte AECCrentzat dirua batzeko.