Julen Urdaibai amorruz baina pozik bueltatu da Namibiatik
Namibiako Desert Ultra 2019 lasterketan bigarren sailkatu da Julen Urdaibai; hala ere, laugarren etapako 22 kilometroak "gutxietsi" zituelako sentimendu gazi-gozoagaz bueltatu da.
Namib basamortuan beroari eta hareari aurre egin die beste behin ere Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrak. Namibiako Desert Ultra 2019 lasterketan lehiatu zuen azaroaren amaieran. Sailkapenean gora egon gura zuen, eta hala egin du, bigarren amaitu baitu.
Emaitzagaz pozik badago ere, bere buruagaz ernegatzen dago: “Esperientzia edukita ere hanka sartu dut. Lehenengo hiru egunak ondo joan ziren; egunean, batez besteko 50 kilometro egin nituen korrika. Laugarren etapa, berriz, 22 kilometrokoa izan zen, eta gutxietsi egin nuen. 22 kilometro izan ziren maldan gora, bero izugarriagaz eta hareatzatik. Bi ordu pasatxoan egitea neukan aurreikusita, eta ez ziren bi ordu izan, hiru ordutik gora baizik. Poltsa prestatu nuenean egun horretarako bi gel baino ez nituen sartu, eta normalean eroaten dudan edateko karbohidratoa ere ez nuen eroan. Ura baino ez neraman nigaz lasterketan eroaten ditudan bi bidoietan, eta ez zen nahikoa izan”. Txarto pasatu zuen, eta denbora ere galdu zuen egun horretan; izan ere, sailkapenean lehenengo postuan iritsi zen laugarren egun horretara.
Azken egunean 92 kilometro egin behar izan zituen korrika, eta ondo sentitzen zen. Lasterketa 04:00etan hasi zuten, eta fresko egiten zuen oraindik. Musika jarri eta pazientziagaz ekin zion azken egunari, eta hamahiru ordu eta laurden beranduago iritzi zen helmugara. Hamahiru ordu horietatatik hamar ordu eta erdi jarraian korrika egiteko gai izan zen, oso ondo sentitzen baitzen. Amaieran konturatu zen azken egun horretarako ere ez zuela behar besteko jakirik eroan; “gasolina” hamargarren ordurako amaitu zitzaion, eta gerora, tarte batzuk oinez eta beste batzuk korrika egiten ibili zela dio.
Beti ikasten. Lasterketa bakoitzak zerbait berria irakasten duela uste du: «Hainbat lasterketa lehiatu ostean, 22 kilometroko proba batean 92 kilometroko batean baino askoz txarrago sentitu nintzen».
Lehenengo etapan ingeles bat izan zen lehena helmugan, Urdaibai bigarren: “Uste nuen bera izango zela indartsuen ibiliko zena, baina ez. Bigarren egunean ezin zuen bere gorputzagaz”. Bigarren etapan, berriz, Urdaibai baino 10 segundo arinago sartu zen helmugara beste parte hartzaile bat, “eta hurrengo egunean ere neke eginda zegoen”. Hirugarren etapan, gauza bera. Hala ere, hirugarren etapan lehena izan zen Wim Steenkamp namibiarrak irabazi du Namibiako lasterketa: “Irabazi duenak behetik gora egin zuen, eta ni goitik hasi nintzen, eta amaieran, errendimenduan behera egin nuen”.
Hala ere, ondo sentitu dela dio Urdaibaik, fisikoki ere ondo prestatuta joan da; beraz, gertatutakoagatik amorru apur bat badauka ere, pozik dagoela dio.
Lasterketan zailena azkenengo bi etapak kudeatzea izan da bermeotarrarentzat. Azken etapa, hala eta guztiz ere, begi onez gogoratzen du, oso polita izan zen beretzat: “Amaiera, arroila bateko erreka lehor batetik izan zen, 50 gradu inguruan”. Basamortuko gauak atsegin ditu; “hemen ikusten ez diren milaka izar ikusten dira”. Lasterketaren antolaketa bikaina izan dela dio, “erosotasun guztiekin”; ura ere gura zuten beste zeukaten.
Aurrera begira, Asia dauka buruan, eta 2020an han lehiatzea gustatuko litzaioke. Atseden egun batzuk hartuta, hasi da dagoeneko lasai entrenatzen, baina oraindik ez dauka lasterketarik buruan.