Goi Mailako Bikain ziurtagiria jaso du Behargintzak
Atzo arratsaldean Donostiako Kursaalean egin zen ekitaldian jaso zuten ziurtagiria.
Bermeoaldeko Behargintzak Goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso zuen atzo arratsaldean, Donostiako Kursaalean egin zen ziurtagiri berriak emateko ekitaldian. Bermeoko alkate Aritz Abaroak hartu zuen ziurtagiria, hala ere, euskara zinegotzi Kepa Zumeta eta Euskara Saileko zein Behargintzako ordezkariak ere egon ziren ekitaldian.
Aurten, guztira, 25 enpresa eta entitatek jaso dute ziurtagiria: horietatik, hamazazpik goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria egiaztatu dute; Bostek tartekoa den zilarrezkoa, eta Hiruk oinarrizkoa. Behin ziurtagiri berri horiek banatuta, guztira, 393 dira azken 11 urteetan banatu diren ziurtagiriak, 75.500 langile hartzen dituzten enpresen artean.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu zuenez, euskarak “lan munduaren esparrua irabaztea du erronka”, eta horretarako, enpresa eta entitateek “eragile aktiboak” izan behar dute, “euskara gero eta gehiago lotzen delako bikaintasunarekin eta kudeaketa aurreratuarekin”.
Hamarkadaz hamarkada eta urtez urte euskara esparru berriak irabazten joan dela esan zuen Zupiriak: “Hala ere, oraindik bide luzea daukagu aurretik lan munduan euskara era egokian txertatzeko. Eta bidea horretan oso garrantzitsua izango da planifikazioa eta lidergoa”.