Errondan hasteko prest daude Gernikako Marijesiak
Kalera ateratzeko ordua heldu zaie gernikarrei. Astelehenean hasita eta tradizioa jarraituz, Gabon aurreko bederatziurrena beteko dute.
Azken asteetan entsegatu ostean, kalera ateratzeko ordua heldu zaie Marijesiei. Tradizioa jarraituz, Gabon aurreko bederatziurrena beteko dute beste urte batez. Gaueko errondak astelehenean hasiko dituzte, eta “denen poztasunerako” kalez kale bazterrak koplaz betetzeko gogotsu daudela adierazi dute. Esan dutenez, “ahalik eta leku gehienetara” ailegatzen saiatuko dira.
Astelehenean Santa Luzia eta Lurgorritik igaroko dute lehen gaua. Halaber, erronda hori egingo dute baita ere abenduaren 19an (eguena), abenduaren 22an (domeka) eta abenduaren 24an (martitzena). Honako hau da ibilbidea: Andra Mari eliza-Allende Salazar-Santa Klara-Zearreta-Fray Martin de Murua-Iturriondo-San Jose auzunea-San Frantzisko-Mestikabaso-Urremendi-Lurgorri-Araba-Gipuzkoa-Arana auzoa-Rotonda-Iparragirre-Gurutze Gorria-Juan Kaltzada-Merkurio-Artekalea-San Juan-Barrenkalea-Andra Mari-Domingo Alegria plaza-8 de Enero-Adolfo Urioste-Iparragirre-Loizaga-J.A. Agirre plaza-Don Tello-San Roke-Domingo Bernaola-San Juan-San Juan Ibarra-Urkieta-Carlos Gangoiti-Txorraburu-Pedro Elejalde-San Juan-Goienkalea.
Errenteriatik abenduaren 17an (martitzena), 20an (barikua) eta 23an (astelehena) ariko dira, eta Tiloetan, berriz, hilaren 18an (eguaztena) eta 21ean (zapatua).
Iñaki Gonzalez Abadiak, Denis Azkarate Eizagirrek, Jose Antonio Uriarte Itxasok, Fernando Astoreka Aranburuk, Ane Miren Arejita Abaituak eta Alex Uriarte Atxikallendek izango dute bakarlari izateko ohorea.
Iaz, Arejita lehenengoz aritu zen bakarlari legez jatorriz gizonezkoen ohitura diren marijesietan; historian lehenengoz, emakume batek bete zituen bakarlari lanak. Aurten, Uriarte ariko da lehenengoz bakarlari lanetan. 24 urte dituen gernikarrak azken urteetan marijesien koruan abestu du.
Bakarlarien ahotsetatik iritsiko dira koplak, eta ondoan izango dituzte Marijesien taldea osatzen duten kideak, euren koplei erantzuteko prest. Hala, bederatzi gau hotzetan bazterrak berotzen ibiliko dira.
Elkartasuna. Abenduaren 24an biltzen duten dirua bi proiekturen artean banatuko dute. Alde batetik, Marijesiak 4:00. Bederatzi gau hotzetan izeneko euren proiektuarentzako izango da. Bestetik, Aita Mari itsasontziak jasoko du dirua; Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontzia da.
EGUTEGIA:
- Lurgorri: Abenduak 16, 19, 22 eta 24.
- Errenteria: Abenduak 17, 20 eta 23.
- Tiloak: Abenduak 18 eta 21.