Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finala hartuko du Astrak, bihar
Hamazortzi geratu dira kanpoan, eta zortzi bertsolari sailkatu dira finalerako. Lilibertsokoek Astra bete gura dute. 20:30ean hasiko da finala, baina aurretik poteoa egingo dute.
Hiru finalaurreko hilabeteko epean. Hamazortzi bertsolari puntuak eta errimak josten, eta finalerako txartela zuzenean izan duen hemeretzigarrena. Hirugarrenez egin dute aurten Busturialdeko Bertsolari Txapelketa, eta Errigoitin, Ariatzan eta Belendizen jokatu diren finalaurrekoetan erabaki da bariku honetan Astran kantuan ariko den zortzikotea.
Aitor Etxebarriazarraga, Ander Elortegi, Asier Galarza, Mikel Retolaza, Koldo Gezuraga, Eneko Aldana, Julen Arzanegi, eta Onintza Enbeita txapela janzteko lehiatuko dira bihar 20:30ean hasita. Aurretik, baina, poteoa egingo dute.
Lilibertsok antolatzen duen hirugarren txapelketan lehenengoz egingo dute finala barikuan, eta egun horretan sortzen den giroa baliatuta, Astra jendez bete gura dute. “Aurrekoetan zapatu arratsaldez egin dugu, baina nahiko hotzak izan dira finalak. Izan ere, beste saioak oso beroak izaten dira”, esan dute Lilibertsoko kideek.
Bai bertsolari zein entzuleei ondo pasatzeko gonbidapena egin diete antolatzaileek: “Gure artean ondo pasatzea da txapelketaren helburua. Ez da lehiaketa bat, lagun artean ondo pasatzeko aukera baino”.
Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren finalerako sarrera doakoa izango da.