Abenduaren 18ra arte aukeratu daiteke Gabonetako erakusleihorik politena
Aurten, Bermeoko 38 establezimenduk parte hartzen dute lehiaketan.
Aurten, bigarrenez, Behargintzak Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du, eta 38 saltokik eman dute izena. Herriko erakusleihoen “apainketa bultzatzea” da lehiaketaren helburua, modu horretara herriko “kontsumoa suspertzeko”.
Apaingarrien gaia Gabonak badira ere, itsasoagaz eta arrantzagaz lotutako erakusleihoak prestatu behar izan dituzte saltzaileek. Establezimenduen parte hartzaileen kasuan, bi sari emango dituzte. Sarietako bat epaimahaiak erabakiko du eta 250 eurokoa izango da. Epaimahaia Bermeoko Udaleko Merkataritza, Turismo eta Kultura sailetako kideek osatuko dute.
Bestalde, iaz egin bezala, aurten ere herritarrek izango dute zer esan. Horrela, beraien botoen bidez herriko erakusleiho onena aukeratuko dute. Saltokiarentzako saria 250 eurokoa izango da horretan ere.
Lehiaketan parte hartzen duten komertzioetan aurkituko dute herritarrek bozka emateko eskuorria, bai eta bozketa guneetan ere (Gizarte eta Kultura Etxea, Turismo bulegoa, Berhaz eta Behargintza). Herritarrek 20 erakusleiho ikusi eta horien merkatarien zigilua lortu beharko dute. Gustukoenari botoa eman ostean, bozketa guneren batera eroan beharko du eskuorria. Hori eginda, lehiaketan parte hartzen duten 38 establezimenduetan 500 euro gastatzeko zozketan parte hartuko dute bermeotarrek. Abenduaren 18a izango da bozka emateko azken eguna. Ondoren, zozketa, abenduaren 20 eta 23a bitartean egingo dutela azaldu dute.
Iaz, 73 establezimenduk parte hartu zuten lehiaketan. Herritarrentzako Beibidreams dendaren erakusleihoa izan zen politena; Broncearium estetika zentroak jaso zuen, berriz, epaimahaiaren saria.