Herritarren beharrizanak batu gura ditu Busturiko EH Bilduk
2020ko aurrekontuei begira, prozesu parte hartzaile zabal bat antolatu dute. Galdetegi bat prestatu dute eta herritarrek etxeetan jasoko dute.
Busturiko EH Bildukoek busturiarren iritziak eta beharrizanak batu gura dituzte, horregatik prozesu parte hartzaile zabal bat antolatu dute. Bittor Ruedak gogorarazi duenez, EH Bildu udal gobernuan egon zenean auzoz auzo egiten ziren prozesu parte hartzaileak. Ondoren, hainbat urtetan aldarrikatu dituzte aurrekontu parte hartzaileak; aurten, berriz, prozesu parte hartzaile bat egiteko inoren beharra ez daukatela iritzita, eurak egitea erabaki dute.
Galdetegi bat prestatu dute eta herritarrek etxeetan jasoko dute. Aldaketa klimatikoa, kirola, auzoak, kultura, gazteak, feminismoa, bideen segurtasuna, etxebizitzak, umeak, euskara, nagusiak… hainbat gairi buruzko galderak prestatu dituzte. Herritarren hitzetan jakin gura dute Busturiko Udalak zertan gastatu behar duen dirua. Ondoren, batutakoa udalera eroango dute 2020ko aurrekontuetan busturiarren proposamenak kontuan har daitezen. “Ideia zoroak, hala ere, albo batera utziko ditugu; gure ideologiatik aztertuko ditugu proposamenak. Hala ere, badaude planteamendu asko ez direla ideologia bati lotutakoak, baizik eta herriaren onerako direnak. Eta, aurrekontuak herriaren onerako izan behar dira”.
Parte hartze handia lortu gura dute, eta horregatik bide ugari jarri dituzte galdetegia bete eta entregatzeko. EH Bilduren Busturiko egoitzara bidali daiteke (San Kristobal 26 behea) edo emailez busturia@ehbildu.eus-era. QR kode bidez galdetegia zabaldu eta zuzenean erantzuteko aukera ere eskaintzen dute. Hala ere, galdetegia eskuz emateko aukera ere egongo da abenduaren 22an [domekan]. Egun horretan, auzoz auzo ibiliko dira mahai batekin. 12:30ean San Kristobalen egongo dira Iturri dendaren ondoan. 13:15ean, berriz, Axpeko autobus geltoki ondoan jarriko dute mahaia. Amaitzeko, 14:00ak aldera iritsiko dira Altamirara.
Hauteskundeei begira egindako programan zehazten zuten aurrekontuaren zati bat herritarren eskariei lotuta joan behar zela, “eta bide horretan doaz”.
“Udal gobernuan egon ginean, zaila bada ere, herritarren pentsamendua aldatzen saiatu ginen eta horien parte hartzearen garrantzia azpimarratzen saiatu ginen. Herritarrek ikusi behar dute euren iritziak ere kontuan har daitezkeela, horregatik dira garrantzitsuak prozesu parte hartzaileak denboran mantentzea”, dio Ruedak. Hala, oraingoan ere busturiarrak animatu ditu parte hartzera, “edozein dela bidea”.