Erabiltzaile gehienek gomendatzen dute arreta zuzeneko zerbitzua
Berhaz bulegoak 15 urte bete ditu, eta balorazio "positiboa" egin dute
2004. urteko irailaren 27an ireki zituen ateak Berhaz (Bermeoko Herritarrentzat Arreta Zerbitzua) bulegoak, administrazioa herritarrengana hurbildu asmoz. Hamabost urte geroago, ia erabiltzaileen %100ak gomendatzen du arreta zuzeneko zerbitzua, eta zerbitzuaren balorazio orokorra egiten denean 8,9ko nota lortzen du.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta Naiara Anasagasti Berhaz zerbitzuaren zuzendariak urte horietako guztietako balorazio positiboa egin dute: “Barrutik zein kanpotik positiboa izan da”.
Zerbitzua 2004an martxan jarri bazen ere, 2002an hasi zuten proiektuaren diseinua. Atzoko agerraldian hastapenak ekarri zituzten gogora. “Intentsitate eta aktibitate” handiko hasiera izan zen Anasagastiren arabera, adibide edo erreferente oso gutxigaz: “Ez zeuden administrazio mailan adibide asko, ez eta esperientzia handiko ereduak mota honetako bulegoen antolaketan. Bermeoko Udalak Irungo kasua izan zuen aztergai, eta denbora errekorrean, zerbitzuaren eskaintza diseinatu, izapideen prozedurak normalizatu, ereduak, udal informazio eta datu baseak bateratu, altzariak, langileak eta aplikazioak antolatu eta gaur egun ezagutzen dugun bulegoa sortu zuen”.
Ordura arte herritarrek leihatila gehiegi zituzten kontsultak, ordainketak edota izapideak egiteko. Zerbitzua “ez zen eraginkorra”, eta horrek zuzeneko eragina zuen herritarrengan. Horregatik, kalitatezko zerbitzu hurbil eta eraginkor bat egitea erabaki zuten.
Gerora, aurrerapausoak ematen joan ziren. 2008an, esaterako, 010 telefono arreta zerbitzua martxan jarri zuten. Azaldu dutenez, hilabetero 1.000 dei baino gehiago jasotzen dituzte, eta horien guztien %65a baino gehiagori dei bakarrean irtenbidea emateko gaitasuna izaten dute.
2009an, berriz, udalak arreta telematikoa martxan jarri zuen, herritarrei lehen tramiteak elektronikoki egiteko aukera emanez. Gaur egun, aipatu zerbitzua asko garatzen ari direla azaldu dute, tramitazio guztia elektronikoki egin, euren egoera zein den jakiteko aukera eskaini eta jakinarazpena bera elektronikoki jaso ahal izateko.
2020. urterako erronka da arreta telematikoa indartzea: “Herriko enpresek bide hori erabili beharko dute legeak hala eskatzen duelako, eta herritarrei ere bide hori erabiltzeko eskaera egingo diegu. Beharbada, hasieran, esfortzu bat suposatuko du, baina bide hori erabilita izapidearen bidea jarraitzeko aukera ere edukiko dute”. Udalak gardentasuna eta kudeaketa arduratsua ditu helburu, eta bide horretatik lortuko dutela dio Abaroak.
Hasieran Berhaz zerbitzuan sinistu zuten horiei guztiei eta zerbitzua posible egiten dutenei zein herritar eta erabiltzaile guztiei ere eskerrak emateko tartea hartu du Bermeoko alkateak.
INTERESEKO DATUAK
1. Egunero, bataz beste, 106,75 pertsonaren eskaerak erantzuten dituzte.
2. Zapatuetan, bataz beste, 16,33 pertsona joaten dira bulegora izapideren bat egitera.
3. Azken bost urteetan 1.120 galdutako objektu kudeatu dituzte, identifikatutakoen %100 bueltatuz. Identifikatu gabeen %30 bueltatzea bermatzen dute.
4. Udalean egiten diren ordainketen erdia baino gehiago Berhazen bidez egiten dira.
5. Urtero, 15.000 sarreratik gora burutzen dira.
6. Erabiltzaileen %65 izapide bat egitera joaten dira, %12 informazioa eskatzera, %8 kexa bat aurkeztera eta beste %8 ordainketa bat egitera. Izapideen artean errolda gaiak dira nagusi.
7. 36 erakusketa egin dira.
8. Urtero, 1.000 eskari inguru bideratzen dira Jaurlaritzara.
9. Izapideen %80 6 minutu baino gutxiagoan egiten da. Herritarrek, gainera, pertzepzio hobea dute. Galdetutakoen %90ak uste du 5 minutu baino gutxiagotan egiten direla.