2020ko lehen partidua Miribillan jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak
Klub gernikarrak eta Bilbao Basketek SaskiGabonak egingo dute urtarrilaren 4an, Miribillan. Bi taldeek euren ligako partiduak jokatuko dituzte bertan.
Gernika KESBek eta Bilbao Basketek hiru urterako elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Bilbon.
Akordioaren barruan, SaskiGabonak antolatzea erabaki dute. Beraz, urtarrilaren 4an [zapatua], Bilboko Miribillan jokatuko dituzte bi klubetako gorengo mailetako ligako partiduak.
Lointek Gernika Bizkaiak Mann-Filterren kontra lehiatuko du 15. jardunaldiari dagokion partidua, 16:45etik aurrera. 20:30ean hasiko da, ostera, Retabet Bilbao Basket eta Movistar Estudiantes taldeen arteko neurketa.
Gerardo Candina Gernika KESBen presidentearen berbetan, Bizkaiko saskibaloiaren festa handia izatea gura dute: “Urtarrilaren 4ko jardunaldi bikoitzak hitzarmena borobiltzen du. Gabon sasoia aprobetxatuta, SaskiGabonak eguna Bizkaiko saskibaloiaren jai handia izatea espero dugu”. Beraz, bi taldeetako zaleek egunagaz gozatzea da euren asmoa. Bi kluben arteko harreman onak urte luzez irautea gura dutela esan du: “Daukagun indarra aprobetxatu nahi dugu elkarregaz gauzak egiteko eta gure jokalariak prestatuta elitera ailegatzeko helburua lortzeko”.
Isabel Iturbe Bilbao Basketen presidenteordea ere pozik agertu da. Sinergiak sortu eta garatzearen garrantzia azpimarratu du: “Akordioaren helburu nagusia Bizkaian dugun elitezko saskibaloia promozionatzea eta ikusgaitasuna ematea da. Erabaki eta ekintza batzuetan elkarrekin aritu behar garela badakigu, eta oraingoan, Lointek Gernika Bizkaiaren partiduan jende gehiago egotea erraztuko dugu”. Bestalde, Koldo Mendia Bizkaiko Saskibaloi Federazioaren presidenteak adierazi du Bizkaian erreferente diren bi kluben arteko elkarlanerako hitzarmena Bizkaiko saskibaloiarentzat “onuragarria” dela.
Eskaintza bereziak. Lointeken eta Mann-Filterren arteko partidurako sarrerak 10 eurotan jarriko dituzte salgai. Hala ere, bi taldeetako bazkideentzat sarrera doakoa izango da. Lointek Gernika Bizkaiaren bazkideei klubak emango dizkie sarrerak, eta Bilboko taldeko bazkideek online eskatu beharko dute sarrera eta ondoren, urteko abonua erakutsita leihatilan hartuko dituzte. Eskola edo federazio lizentzia daukaten bi klubetako jokalari eta entrenatzaileentzat ere sarrera doakoa izango da.
Gizonezkoen partidua ere doan ikusteko aukera edukiko dute Lointek Gernika Bizkaiaren bazkideek, eta klubak ahalbidetuko dizkie sarrerak. Gainontzekoentzat ohiko prezioak jarriko dituzte.
Gaur Miribillako Kirol Etxean egindako agerraldian hitzarmenaren nondik norakoak azaldu dituzte. Bi Saskibaloi Eskola martxan jartzea adostu dute: Gernika KESB-Bilbao Basket eskola Gernika-Lumon eta Bilbao Basket-Gernika KESB Bilbon. “Horrekin batera, bi harrobietako teknikoei bi talde profesionalen entrenamenduetako ateak irekiko dizkiegu. Denboraldi hasieran partiduen egutegi bat zehaztuko dugu, lan metodologiak eta praktika onak konpartitzeko helburuagaz. Bi taldeentzat aberasgarria izango dela uste dugu”, azaldu du Candinak. Iturbek gaineratu duenez, besteen partiduei zabalkundea eman eta sarrerak promozionatuko dituzte. “Eta Bilbao Basket Fundazioak Bilbao Arena eskainiko du Emakumezkoen Endesa Ligaren partidu bat jokatzeko”.