6.562 euro batu dituzte Haurtzaro Solidarioa kanpainaren bitartez
Bildutakoa Kenian dagoen Kaikor herrira bidaliko dute. Marianita monjen bitartez, bertako Turkana umeentzat elikagaiak erosteko, osasun arreta emateko eta heziketa bermatzeko erabiliko dute dirua.
Beste urte batez, Iparralde Hegoalde misio taldeak Haurtzaro Solidarioa izeneko kanpaina jarridu martxan, eta bigarren eskuko liburuen eta jostailuen azoka egin zuen domeka eguerdian, Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. Guztira, 6.562 euro bildu zituzten azokatxoan.
Orain, bildutakoa Kenian dagoen Kaikor herrira bidaliko dute. Marianita monjen bitartez, bertako Turkana umeentzat elikagaiak erosteko, osasun arreta emateko eta heziketa bermatzeko erabiliko dute batutako dirua; proiektuari esker, 2 eta 6 urte bitarteko iumeek egunean bi jatordu izango dituzte, baita oinarrizko heziketa ere.
Nazio Batuen Giza Garapenari buruzko azken txostenaren arabera, ingurune hori munduko pobreenetarikoa da, erdi basamortua. Eta Turkaniarrak bertan bizi diren artzain nomadak dira, azpigarapen larrian bizi direnak. Azken urteetan, Marianita monjek umeentzako jantoki eta haurtzaindegien bitartez, ur potzuak eta presak egin dituzte han, eta Turkanenganako topaguneak sortu dituzte, euren bizi kalitatea hobetuz.
Modu horretan, asko izan ziren domekan elkartasuna adieraztera Merkatu Plazara gerturatu ziren herritarrak: bigarren eskuko jostailu eta liburuak begiztatzen eta erosten ibili ziren. Halaber, Gabon errifaren zozketa ere egin zuten, eta zenbaki irabazlea 4.546 dela jakitera eman zuten. Ordezko zenbakia 1.101 da.
Hamalau urte lanean. Iparralde-Hegoalde taldeak hainbat ekintza egiten ditu Haurtzaro Solidarioa proiektuagaz zerikusia dutenak. Besteren artean, familientzako hitzaldiak, katekesia, jostailu bilketak eta zozketak antolatzen dituzte. Baina, ekintza guztien artean nagusiena, Gabonetako bigarren eskuko azoka dela diote.
2005. urtetik gaur egunera arte, ikasturtearen lehenengo hiruhilekoan egiten dute bigarren eskuko liburuen eta jostailuen elkartasun azoka; Urdaibaiko katekesiak elkartasuna lantzeko asmoagaz antolatzen du. Hori horrela, beste urteetan egin legez, aurten ere, Katekesietara doazen umeek euren etxeetan dituzten jostailuak eman dituzte azokara.