Lointekek Prometeren kontra lortu du ligako bederatzigarren garaipena
11. jardunaldian, 74-57 nagusitu da Malosteko taldea. Batez ere lehen zati bikaina jokatu dute etxekoek.
Beste behin, alde nabarmenagaz aurkaria mendean hartu du Lointek Gernika Bizkaiak. 11. jardunaldia etxean lehiatu zuen zapatuan, eta 74-57 irabazi zion Campus Prometeri.
Batik bat lehen zatia denboraldiko onenetarikoa izan zela azpimarratu zuen Mario Lopez entrenatzaile gernikarrak. “Baloia mugitzen, kontraerasoan, errebotean… taldearen lehen bi laurdenak ikusgarriak izan dira”. Lopezen berbetan, lehen minutuetan defentsan zalantzaren bat edo beste erakutsi batzuten ere, atsedenaldira arte “saskibaloi erakustaldia” eman zuten. Gero, bigarren zatian, 30 bat puntuko aldeagaz, taldeak erritmoa apur bat moteldu zuen.
Hasierako 20 minutuetan, erasoko jokaldiak irakurtzeko ikasgaia eman zuten etxeko jokalariek. Kantxan gozatu zuten bitartean, harmailetako zaleak gozarazi zituzten, beste behin. Bigarren zatian, azkartasun edo bizitasun apur bat falta izan zitzaien eta hirukoak sartzeko zailtasun gehiago eduki zuten, baina, defentsa sendoari esker, garaipena estu hartuta zeukaten.
12. jardunaldia, Salamancan. Aste honetan ez dute Eurokopako partidurik, eta beraz, aurreko asteetan ez bezala, atseden hartzeko denbora gehiago daukate jokalariek. Entrenatzaile gernikarrak esan duenez, zer hobetu ikusiko dute, esaterako, defentsa lanean. Izan ere, zapatuan aurkari indartsuenetako baten kantxa bisitatuko dute (18:00). Avenidaren kontra lehiatuko dute 12. jardunaldia.
Ligako sailkapenean bi taldeak berdinduta daude 20 puntugaz; orain arteko 11 partiduetatik bederatzi irabazi eta bi galdu dituzte. Puntu bakarrera daukate Spar Citylift Girona liderra.