Bideo-jokoei buruz ariko dira gazte zein gurasoekin
Mundakan guraso eta gazteentzako tailerrak antolatu dituzte; Sukarrietan, berriz, gazteentzako.
Bideo-jokoak onak ala txarrak dira? kezka ugari egoten dira bideo-jokoekin, eta zalantza horiek argitzeko tailerra antolatu dute Mundakan. Antolatzaileek azaldu dutenez, “telefono mugikorra, Internet edo youtuberi buruzko zalantza ugari izaten dituzte gurasoek; utzi ala ez, zenbat denbora, zaletasuna ala menpekotasuna den…guzti horri buruzko aholkuak eta praktika egokiak emateko tailerra izango da barikukoa”. Emoki elkarteak eskainiko du tailerra.
Tailerra barikuan izango da, 18:45etik 20:45era Mundakako Gaztelekuan. Tailerrean parte hartu gura duten gurasoek, baina, aurretiaz eman beharko dute izena Mundakako Gaztelekuan bertan edota gazteleku.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora mezu bat bidalita.
Domekan, berriz, gazteen txanda izango da. Egun horretan, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerra egongo da Gaztelekuan; gaia, berdina, bideo-jokoak. Abenduaren 1ean egin zuten tailerraren lehenengo saioa eta datorren domekan egingo dute bigarrena. Izena eman gura dutenek Gaztelekuan egin ahalko dute edota gazteleku.mundaka@bizkaia.org-era idatzita.
Sukarrietan ere, gazteekin batu gura dute bideo-jokoei buruz aritzeko. 8 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzendutako tailerra urtarrilaren 3an izango da Sukarrietako Gaztelekuan, 16:30etik 19:00etara. Parte hartu gura duten gazteek abenduaren 27a izango dute izena emateko azken eguna. Udaletxean eman daiteke izena edo 94-687 07 15 telefono zenbakira deituta.