San Nikolas jaiak berritasunez beteta datoz Elantxobera
Kaltzadan Gora Xtrem lehiatuko dute lehenengoz San Nikolas jaietan.Azken urteetan egin ez den herri krosa ere egingo dute. Herritarrei zein inguruko bizilagunei festetan parte hartzeko deia egin diete.
Abendua festa giroan hasiko dute elantxobetarrek. Urteko azken hilabetea heltzeagaz batera iritsi dira San Nikolas jaiak kostaldeko herri txikira, eta aurten, berritasunez betetako jaiak prestatu dituzte. Kirolak izango du protagonismo nagusia aurten, besteren artean, lehenengoz lehaituko baitute Kaltzadan Gora Xtrem kilometro bertikala.
Nikolas Deunaren eguna da barikua, eta korrika eginez emango diote hasiera Elantxoben. 11:30ean portuan jarri dute hitzordua antolatzaileek, bertan hasiko baita erlojuaren kontrako kilometro bertikala. Banan banan aterako dira parte hartzaileak eta Ogoño bideko Larrasilla izango dute helmuga. Kilometro bat eta 300 metroko bidea igo beharko dute parte hartzaileek, 300 metroko desnibelagaz.
Gaur gaurkoz 25 lagun apuntatu dira lasterketara, eta aurretiaz izena eman gura dutenek kaltzadangora.elantxobe@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko dute. Halaber, egunean bertan ere izena eman daitekeela zehaztu dute antolatzaileek.
Lasterketako azken parte hartzailea helmugaratzen denean egingo dute sari banaketa Tinglauen, eta irabazleak lasterketaren txapela eta 200 euroko saria jasoko ditu; bigarren eta hirugarrenak 100 eta 50 euro eskuratuko dituzte, hurrenez hurren.
Lasterketa kultur ekintzak antolatzen dituen herriko taldeak, mendi taldeak eta udalak antolatu dute, eta hurrengo urteetan zabaltzen joatea espero dute: “Aurten antolatu dugu lehenengoz, baina lasterketak indarra hartzea gura dugu. Izan ere, etorkizunean lehiaketa ofizialen parte izatea gustatuko litzaiguke”.
Herri krosean mozorrotuta. Kilometro bertikala hasi aurretik, baina, umeentzako herri krosak Ibarrangelutik Elantxobera arteko bidea egingo du; Etxetxutik Bidebarrira egingo dute. “Orain dela 20 urte inguru herri krosa egiten zen San Nikolas jaietan, eta aurten antzinako tradizio hori berreskuratu dugu”, adierazi du Argi Zameza kultura zinegotziak. Dagoeneko 36 gaztek eman dute izena, eta mozorrotuta joateko deia egin diete antolatzaileek.
Eguerdian ere jai giroak jarraituko du Elantxoben. Izan ere, herriko txokoetatik triki poteoa egingo dute. Txoko bakoitzean salda prestatuko dutela adierazi dute. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa izango dute nagusiek, eta Tor Magoaren ikuskizunagaz gozatuko dute txikienek Gorgonio Renteria Kultur Etxean. Ostean, karaokea egongo da.
Zapatua Beti Galdu kuadrilakoen kantaldiekin hasiko dute portuan, eta arratsaldean, zine proiekzioa egongo da Kultur Etxean; 17:30ean jarri dute hitzordua.
Marrazki lehiaketa. Domekan marrazki lehiaketa egingo dute kultur etxean. “Gabonetan udalak postal bat bidaltzen du, eta marrazki lehiaketako irabazlearen irudiagaz diseinatutakoa izango da aurtengoa”, adierazi du Zamezak. Hala, azken urteetan galduta egon den tradizioa berreskuratuko dute.
Asteburu osoa ekintzez bete dute San Nikolas jaietako antolatzaileek, eta herritarrei zein inguruko bizilagunei festetan parte hartzeko eta Elantxobera gerturatzeko deia egin diete.