Lurgaia Fundazioak landaketak egingo ditu Undabason, asteburuan
Lurgaia Fundazioak landaketak egiteko jardunaldiak antolatu ditu Ibarruriko Undabason zapatu eta domekarako. Hitzorduak 09:00etan jarri dituzte Ibarruriko elizaren aparkalekuan.
Undabaso baso bihurtzen jarraituko dute asteburuan. Lurgaia Fundazioak landaketak egiteko jardunaldiak antolatu ditu Ibarruriko Undabason zapatu eta domekarako. Hitzorduak 09:00etan jarri dituzte Ibarruriko elizaren aparkalekuan.
Zapatukoa lan hezigarria izango dela jakinarazi dute fundaziokoek, zuhaitzak landatuz Urdaibaiko harizti mistorik handiena lortzeko lanean jarraituko dutelako.
Domekan ere zapatuko lanarekin jarraituko dute, baina landaketak egiteaz gain, azken urteetan Undabason egindakoak ezagutuko dituzte bertaratzen direnek. Izan ere, zuhaitz eta zuhaixken espezieak ezagutzeko tailerra egingo dute. “Industria-landaketen artean, ibilbide bat egingo dugu eta baso-sistema bakoitzaren ezaugarri eta prozesuei eta bien arteko ezberdintasunei buruz hitz egingo dugu”, azaldu dute fundazioko kideek. Basoei buruzko liburuxka ere banatuko dutela adierazi dute. Hori horrela, basoa berreskuratutako lurretan zehar ibilaldia eginez, egindako lanaren arrakasta “egiaztatuko” dute.
Lurgaia Fundazioko kideek inguruko herritarrei zapatuko eta domekako jardunaldietan parte hartzeko deia egin diete.
Oraingoan ere, Lurgaia Fundazioa arduratuko da materiala eramateaz. Parte hartzaileei kantinplora eta bazkalordurako behar duten janaria eramateko eskatu diete. Bai eta, eguraldiaren araberako arropa eta oinetakoak erosoak eramatea ere.
Landaketetan parte hartu gura duten boluntarioek aurretiaz eman behar izango dute izena; info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidalita egin ahalko da.