II. Bizkaia Triathlon probarako izen ematea zabaldu dute gaur
2020ko maiatzaren 31an egingo dute, eta lehendabiziko 50 federatuen izen ematea prezio berezian jarri dute.
Iazko parte hartzaile batzuk, Bermeoko portuan. II. Bizkaia Triathlon probak hainbat berritasun edukiko ditu, eta gaur zabaldu dute izen ematea (12:00etan), promozio bereziagaz.
Izena ematen duten lehen 50 federatuek 95 euro ordaindu beharko dituzte. Gainontzekoek 110 euro ordainduko dituzte, eta abenduaren 15era arte izena eman ahalko dute.
Federatuta ez daudenek ere 20 euroko deskontua daukate. Abenduaren 15era bitartean izena ematen dutenek 140 euro ordaindu behar dituzte, eta data horretatik otsailaren 29ra bitartean izena ematen badute, 160 euro ordaindu beharko dituzte.
Ekainaren 22an lehiatu zuten lehenengoz. Datorren urtekoa berriz, maiatzaren 31n izango da. Aurtengoa zapatuan egin badute ere, 2020ko domekan izango da.
Hain zuzen, aurreko egunerako ere ezohiko proposamena prestatu dute antolatzaileek. Maiatzaren 30ean itsas zeharkaldiak egingo dituzte goizez, eta arratsaldean, ostera, zesta punta erakustaldiak egingo dituzte Jai Alai frontoian.
II. Bizkaia Triathlonean parte hartzen dutenek, Bermeon 1.900 metroko igeriketa proba gainditu beharko dute lehenengo. Jarraian, bizikletak hartu eta 86 km egingo dituzte (Bermeo-Gernika-Lumo-Lekeitio-Gernika-Lumo). Amaitzeko, Gernika-Lumoko kaleetan barrena 21 km egingo dituzte korrika.