Gustavo Rodriguez galiziarra eta Judith Corachan katalana nagusi, Bizkaia Triathlon proban
Pello Osoro eibartarra eta Egoitz Zalakain Lekeitioko bizilaguna sailkatu dira bigarren eta hirugarren gizonezkoetan. Emakumezkoen podiuma Isabel Gomez katanalak eta Ondarroako Koaxi taldeko Ioana Osak osatu dute.
1.900 m igerian, 86 km bizikletan eta 21 km korrika. Horiek dira lehenengoz egin duten Bizkaia Triathlon probako triatletek burututakoak. 450 bat parte hartzaile batu dira gaur Busturialdea eta Lea-Artibaiko zenbait herri zeharkatu dituen triatloian.
Hiru ordu, 59 minutu eta 23 segundotan amaitu du Gustavo Rodriguez galiziarrak. Sei minutu eta hiru segundora, bigarren sailkatu da Pello Osoro eibartarra, eta hirugarren Egoitz Zalakain Lekeitioko bizilaguna. Hamalau minutu eta 56 segundora helmugaratu da Zalakain.
Euskal Herriko triatloi probetan ezaguna den Judith Corachan katalana izan da emakumezkoetan onena, lau ordu, 33 minutu eta 34 segundoko markagaz. Proba hasieratik zeukan abantailari ondo eutsi dio, eta harengandik 27 minutu eta 22 segundora helmugaratu da Isabel Gomez bigarrena. Koaxi taldeko Iona Osa ondarrutarra izan da hirugarrena, irabazlearengandik 28 minutu eta 57 segundora sailkatuta. Osarengandik 32 segundora sartu da helmugan Beatriz Lalaguna.
[IKUSI HEMEN GAURKO ARGAZKI GALERIAK]
Gernikako Duatloia lehiatutakoa da Rodriguez eta zonaldea gustuko duela aitortu du: “Euskal Herriaz maiteminduta nago. Beti ondo hartzen gaituzte hemen, eta ahal dudan guztietan etortzen naiz”. Igeriketan faboritorik ez izatea ondo etorri zaiola azaldu du, eta igeriketa eremu zabala eta garbia izan dutela: “Hori eskertzen da. Orientatzeko zailtasun batzuk eduki ditugu, baina, orokorrean ondo egon da. Gero, bizikletaren ibilbidea ez nuen ezagutzen, baina, gustatu zait”. Gaurko garaipenaren ostean, Kanadara begira dago galiziarra. Bertan, Tokion lehiatuko den Munduko Txapelketarako lehen sailkapen proba lehiatuko du. “Datorren urtean Tokion egotea da daukadan amets handia”.
Corachanek esan duenez, gogotsu etorri da proba berri honetara, eta emaitzagaz pozarren dagoela adierazi du: “Asko gustatu zait proba bera eta bizi izan dugun giroa. Hasieratik proba oso polita izan da. Giro itzela egon da eta asko eskertzen dira publikoaren animoak”. Hasieratik lehenengo joanda, bere lasterketa egitea izan du helburu, eta azaldu duenez, bizikleta proba amaituta, abantaila nahikoa zeukala bazekienez, korrika asko disfrutatu du.
Bermeoko portuan 10:30 uretaratu dira gizonezkoak eta bost minutu beranduago emakumezkoak. Igeriketa proba amaituta, bizikletak hartu eta Lekeitiorantza abiatu dira. Handik bueltatu eta Gernika-Lumoko Santa Anako aparkalekuan utzi dituzte bizikletak. Ondoren, helmugara heldu aurretik 21 km egin dituzte korrika udalerrian zehar. 14:30-15:00 bitartean helmugaratu dira lehen triatletak, eta 17:30ak aldera ailegatu dira azken sailkatuak. Handik orduerdira egin dute sari banaketa ekitaldia. Gizonezkoen eta emakumezkoen elite mailako lehen hiru sailkatuak saritzeaz gain, beteranoek eta herriko lehen sailkatuak ere jaso dituzte sariak.
Hain zuzen, udalerriko Urdaitri Triatloi Taldeko Josu Zabalbeaskoa izan da herriko lehenengoa. Gustura aritu dela esan du: “Halako lasterketetan ez daukat esperientzia askorik, eta Gernikan izanik, ilusioz prestatu dugu. Oso pozik nago; ezin da gehiago eskatu. Giro aparta egon da, eta ibilbidea polita bezain gogorra izan da. Beraz, errepikatzeko moduan. Eta ea aurrerantzean ere proba hau mantentzen den”.
Etxeko eta eskualdeko parte hartzaile asko egon dira. Esaterako, Joanes Goitisolo gernikarrarentzat bere lehen triatloia izan da: “Ilusio asko eduki dut gaurko. Herriko lasterketa beti da berezia. Bermeon, Lekeition zein Gernikan jende asko egon da ikusten eta animatzen, eta hori asko eskertzen da”. Oso ondo aritu da igerian zein bizikletako ibilbidean, baina, tamalez herriko kaleetan korrika denbora galdu du. Hala ere, jaso duen babes hori eskertu eta bueltatu gura izan duela azpimarratu du: “Igeriketa proba oso arin amaitu dut, lehen laurak batera irten gara. Eroso sentitu naiz; ez nuen uste hain ondo egingo nuenik. Bizikletan taldetxo baten joango gara eta erreferentzia batzuk eduki ditut. Azkenean, nahi barik, erreferentzia horiek segitzen erritmoz pasatu naiz, eta korrikako probara bosgarren edo heldu naiz. Korrika hasi eta muskuluetan arazoak izan ditut, baina, herrian egonda jendeagatik amaitu gura izan dut”.
Gogorra eta polita. Horrela deskribatu du gaurko triatloia Osa ondarrutarrak. Podiumean sartzea ezustekoa izan dela aitortu du, ez zuela espero. “Bizikletako zirkuituaren zati bat ezagutzen nuen. Oso oso gogorra izan da proba eta beroak are gogorragoa izatea eragin du. Oso polita izan da, gustura aritu naiz eta ondo antolatuta egon da. Ez nuen espero hirugarren geratzea eta oso pozik nago”. Bizikleta proba amaitzen bosgarren emakumezkoa izan da, baina korrika aurrea hartu die beste biri.