Bizkaiko kostaldea ezagutzeko ate irekiak antolatu ditu Urremendik
Barikutik hasita eta domekara bitartean, Bakio, Ibarrangelu, Markina-Xemein, Berango eta Gautegiz Arteagako elizak, museoak edota pilotalekuak ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Bizkaiko kostaldeko artea, historia eta natura ezagutzeko ate irekiak antolatu ditu Urremendi Landa Garapenerako elkarteak astebururako. Barikutik hasita eta domekara bitartean, Bakio, Ibarrangelu, Markina-Xemein, Berango eta Gautegiz Arteagako elizak, museoak edota pilotalekuak ezagutzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek.
Barikuan, Bakioko San Pelaio baseliza doan bisitatzeko aukera egongo da 12:00etan. Bizkaiko kristau tenplu zaharrenetarikoa da, “bere jatorrizko xarma mantentzen duen leku magikoa”. Arratsaldean, berriz, Ibarrangeluko San Andres elizara ikusi ahalko da 16:30etik aurrera. Egurrezko bobeda zizelkatu eta polikromatua duen Kapera Sixtinoa da Ibarrangelukoa.
Zapaturako hiru ekintza prestatu dituzte. 11:30ean hasita, Markina-Xemeingo Kontzeju zaharra, perratokia eta Santa Mañe Gaztandegira joateko aukera egongo da. Antolatzaileen berbetan, euskal ohiturak, historia eta nortasuna ezagutzeko irteera aproposa da. 16:30ean, berriz, pilotalekua bisitatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ordu berean, Berangoko Burdin Hesia Museoko sarrera ere doakoa izango da. Bilboko defentsa hesiaren eraikuntza eta erorketaren historia ezagutzeko erreferentziazko gunea da museoa.
Domekan, berriz, Gautegiz Arteagako Bird Centerrek irekiko ditu ateak. 12:00etatik aurrera, Urdaibain dagoen hegaztien airepotua doan ikusiko dute bisitariek.