Udalerriko txokoetatik bertso triki poteoa egingo dute zapatuan, bosgarren urtez
Muxika, Ibarruri eta Gorozikako sei txokotan egingo dute udalerriko bertso triki poteoa. Bertan egon nahi duenak izena eman beharko du, eta bihar da horretarako azken eguna.
Bosgarren urtez, bertso triki poteoa egingo dute Muxika, Ibarruri eta Gorozikako txokoetatik zapatuan. Parte hartu nahi dutenentzako 17:00etan jarri dute hitzordua Kurtzeron.
Handik, autobusean aterako dira herriko gainontzeko txokoetara. Aurten, sei txokok parte hartuko dute pintxo lehiaketan, iaz eta duela bi urte baino bat gehiagok. Eleizaldeko txokoa izango dute lehen geralekua, eta handik Gorozikara joango dira. Gero, Ajuria, Maume eta Ibarruriko txokoak bisitatuko dituzte, Ariatzan bukatzeko.
Leku bakoitzeko txoko bakoitzak pintxo bat aurkeztuko du lehiaketara; nork bere gustukoa. Bakoitzean pitxoa jateaz eta potea hartzeaz gain, giro onaz gozatzeko aukera ere badaukate parte hartzaileek. Ekimenak herritarrak elkarregaz batzea eta udalerriari bizitasuna ematea du helburu. Iaz Ariatzako Atxelipekoentzat izan zen txapela, baina pintxo lehiketak ez du lehia bilatzen, lagun arteko giroa sustatzea baino.
Giroa are gehiago hobetzeko asmoagaz, bertso triki poteora animatzen diren herritarrek Lilibertsoko hiru bertsolariren konpainia ere izango dute. Asier Galarza bertsolari muxikarra, eta Aitor Etxebarriazarraga eta Julen Ibarguengoitia bertsolari gernikarrak ariko dira. Bertsolariekin batera, trikitilarien doinuek alaituko dute zapatu iluntzea.
Izen ematea. Zapatuko bertso triki poteoagaz gozatu nahi duenak, baina, izena eman beharko du Zubieta Errotan, eta 2 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeagatik. Bihar da horretarako azken eguna.