Sei musika taldek jaso dituzte diskoak argitaratzeko laguntzak
Gernika-Lumoko Kultur Etxeak 49.400 euro bideratu ditu kultura egitarauak laguntzeko, eta 29 taldek jaso dituzte diru laguntzak. Musika taldeen artean, 3.000 euro banatu dituzte sei talderen artean.
49.400 euro baino gehiago bideratu ditu Gernika-Lumoko Kultur Etxeak herriko kultura egitarauak prestatzen laguntzeko. Aurten 29 kultura taldek jaso dituzte laguntza horiek, iaz baino zazpi elkarte gehiagok. Halaber, sei musika talderen artean 3.000 euro banatu dituzte, bigarren urtez jarraian.
Aitor Etxebarria musikari gernikarrak Markak lanagatik jasoko du laguntza, eta Hannot Mintegiak, berriz, Moxal proiektuagatik eta Zaldikatu izeneko bere bakarkako lehen lana bultzatzeagatik. Supercremalleras pop rock taldeak Querer sin querer diskoagatik jaso du laguntza, Laukatu taldeak urte bukaeran bere lehen diskoa kaleratuko duelako, eta Blaster M taldeak, berriz, Gorroto Girl singlela kaleratzeagatik. Halaber, 1985an sortu eta 25 urtez musika agertokietatik kanpo egondako Hemendio taldeak ere jasoko du diru laguntza, “eszenatokietara bueltatzeagatik”.
Herriko kultur mugimenduaren oparotasuna eta aniztasuna agerikoa da. Hala, herriko kultura suspertzeko, esparru horretara zuzendutako musikarientzat izan da Kultur Etxeak eskainitako 3.000 euroko diru laguntza; kultura arloko diru laguntzen aurrekontu osoan sartuta dago. Diskoak grabatzea izaten da askotan taldeen helburu nagusia, eta argitaratzerakoan izaten dituzten zailtasun tekniko eta ekonomietan laguntzeko banatu dute.
Oraindik eguna zehaztu gabe dagoen arren, taldeek ongintzako kontzertua eman beharko dute 2020ko uztailean Seber Altube auditorioan.