Jose Martin Bustinzak irabazi du Euskadiko lasto jasotze txapelketa, Mundakan
Gipuzkoarrarentzat modalitate honetan lortzen duen Euskadiko hamargarren txapela izan da. Jon Loiola sailkatu da bigarren eta Andoni Elizondo arabarra hirugarren.
Jose Martin Bustinza Tubi gipuzkoarrak hamargarren txapela jantzi du Euskadiko lasto jasotze txapelketan. Zapatu arratsaldean Mundakako Isla Kale kiroldegian jokatu zuten txapelketa, eta 22 jasoaldigaz nagusitu zen.
Hain zuzen, parte-hartzaileek 45 kiloko lasto fardoa, 2 minututan 7 metroko altuerara ahalik eta gehienetan altxatu behar izan zuten. Irabazleak baino bi jasoaldi gutxiago eginda, Jon Loiola Biritxinaga bizkaitarra geratu zen txapeldunorde, eta harengandik jasoaldi bakarrera geratu zen Andoni Elizondo Diaz de Garaio arabarra.
14 jasoaldi eginda, Bingen Erleaga Gabikaldekoa arratzuarra laugarren sailkatu zen, eta 11 jasoaldigaz Joseba Legarreta Gonzalez sailkatu zen azken postuan.
Bestalde, txapelketaren ondoren, Esti Cidadek, Ruth Linazak eta Garbiñe Lopez de Uraldek lasto-jasotze erakustaldia egin zuten, 30 kiloko fardoagaz (5 metroko altuerara). Lopez de Uraldek egin zituen jasoaldi gehien; 14 jasoaldi egin zituen