Indarkeria matxistaren kontrako aldarria bateratu dute Bermeon
Gaur arratsaldean, Norez, Sorginorratz eta Erroxapek deituta elkarretaratzea egingo dute, 19:00etan, Lamerako harrizko bankoan.
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna da gaur, eta Bermeon ekitaldi bateratua egin dute ikastetxeek, udalak eta Erroxape Bermeoko Emakumeen elkarteak. Lamerako kioskoan batuta, bermeotarrek indarkeria matxistaren kontra daudela berretsi dute.
Oinarrizko Lanbide Heziketako eta institutuko ikasleek kalejira egin dute Lameraraino. Hala, indarkeriaren aurkako mezuak eta puntu moreak zabaldu dituzte kalez kale.
Lamerara iritsita, Bermeoko alkate Aritz Abaroak bertan bildutako herritarrei eskerrak eman, eta udaleko talde politiko guztietako bozeramaileek joan den asteko bozeramaileen batzordean, aho batez, onartutako adierazpen instituzionala irakurri du. Indarkeria matxistatik libre egongo den herri bat eraikitzeko konpromisoa dutela esan du. Bestalde, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, esku hartzearen alor guztietan ekintzak proposatzea beharrezkoa dela berretsi dute: “Prebentzioan, atentzioan, babesean, koordinazioan zein justizian. Arreta berezia jarrita biktimeei eta bizirik atera diren pertsonen erreparazioa emateari”.
Ondoren, Erroxape Bermeoko Emakumeen Elkarteko presidente Bernar Santosek hartu du hitza. Esan duenez, “munduan ez dago indarkeria mota hau jasaten ez duen herrialderik”. Horregatik, munduan dauden milaka eta milaka ahotsekin batera alderri egin gura dute, “gizarte justu, berdintasunezko eta indarkeriarik gabekoa” lortzeko.
Indarkeriaren aurpegi guztiak gaitzetsi eta baztertzen dituzte, eta beste erakunde edo elkarte batzuen helburuekin bat datozela aipatu dute: “Esaterako, arlo publiko zein pribatuan dauden emakumeenganako indarkeria mota guztiekin amaitzea eskatzen dugu, bai eta pertsonen salerosketa eta sexu esplotaziogaz, eta baita, umeenganko torturekin ere. Era berean, jardute kaltegarri guztiekin amaitzea eskatzen dugu: umeen arteko ezkontzak, ezkontza goiztiarrak eta behartutakoak, andrazkoen genitalen mutilazioa…”
Feminizidioa andrazkoenganako indarkeriaren adierazpenik krudelana dela nabarmendu dute, “emetasunak adierazten duen guztiarenganako gorrotozko krimena delako”.
“Hala, gaurkoan, andrazkoak gutxiagoko maila batera baztertzen gaituzten gehiegikeriazko eta berdintasunik gabeko jarrerak aldatuko dituen gizarte mailako aldaketa bat eskatu gura dugu. Pertsona guztiok aukera berdinak izango ditugun gizartea gura dugu, jaiotzean egokitu zaigun sexua zein den axola barik”.
Ikastetxeetako ikasleak ere kioskora igotzen joan dira gutxi-gutxika. Eleizalde Ikastolako eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko ikasleek, esaterako, bertsoak bota dituzte.
“Hartu ardura, ez izan matxisten konplize” leloarekin igo dira kioskora, berriz, Oinarrizko Lanbide Heziketako eta institutuko ikasleak: “Ezin dugu beste aldera begiratu. Kontzientziazioa beharrezkoa da. Adierazi gura dugu ez dugula nahi ez eraso ezta hilketa gehiago, horretarako denok batera lan egin behar dugu eskolan, etxean, koadrilan eta erakundeetako politikariekin”.
Azkenik, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleek Beldur Barik programatik ateratako zenbait ondorio kontatu dituzte, eta mezu argi bat zabaldu gura izan dute: “Etxerako bidean aske izan nahi dugu”. Alkatea ekitaldian egon dela aprobetxatuta, gainera, eskaera bat egin diote: “Herriko puntu beltz guztiak identifikatu eta espazio seguruak bihurtzeko konpromiso irmoa har dezazun eskatzen dizugu, herriko espazio guztiak denok baldintza berdinetan disfruta ditzagun”.
Gaur arratsaldean, Norez, Sorginorratz eta Erroxapek deituta elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, Lamerako harrizko bankoan.