Faboritoek ez dute hutsik egin Giza Proben Bizkaiko Txapelketan
Nabarnizen erabaki dira aurtengo txapeldunak; harria handian Gorka de la Concepcion izan da onena eta harri txikian Beñat Amade.
Giza Proben Bizkaiko Txapelketa jokatu zuten atzo arratsaldean, Nabarnizeko probalekuan, eta ez zen ezustekorik izan. Lehiatutako bi kategorietan irabazteko hautagai nagusietakoak zirenek jaso zuten txapela.
Harri handian, Gorka de la Concepcion eta Santi Zubizarreta nabarniztarra ziren faboritoak, eta alde estua egon zen bien artean. 3 untza, 6 m eta 19 zm-ko marka egin zuen de la Concepcion irabazleak, eta 3 untza, 5 m eta 39 zm herriko probalariak. Eneko Bilbao sailkatu zen hirugarren, 2 untza, laurden bat, 6 m eta 33 zm eginda. Aitor de la Concepcion dominarik barik geratu zen; 2 untza, 3 m eta 80 zm eginda laugarren sailkatu zen irabazlearen anaia.
Harri txikian Beñat Amade da aurtengo txapelduna. Kortezubin eta Getxon jokatutako aurreko kanporaketetako lanak ikusita, bera eta Gotzon Abasolo ziren faborito nagusiak eta 2 untza, 3/4 eta 0,9 zm-ko markagaz lortu zuen txapela, atzo. Abasolo eta Unai Ardeo geratu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Lehia estua egon zen lehen bien artean. Abasolok 2 untza laurden bat eta 0,50 zm egin zituen. Ardeok, berriz, untza bakarra, 3m eta 56 zm egin zituen.