Biolentzia matxistaren kontrako aldarria, Dia Ligan
Emakumezkoen Ligaren 9. jardunaldian, emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizartea aldarrikatu dute Lointek Gernika Bizkaiak eta Duran Maquinaria Ensinok, Malosten. 67-48 nagusitu da etxeko taldea.
Beste urte batez, Emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrera irmoa berretsi dute Lointek Gernika Bizkaiak. Dia Ligaren 9. jardunaldiko partiduan, emakumeenganako indarkeriarik gabeko gizartea aldarrikatu zuten Lointek Gernika Bizkaiak eta Duran Maquinaria Ensinok zapatuan, Malosten. Biolentzia matxistaren kontra daudela adierazi eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Tipo ausartak nahi ditugu kanpainagaz bat egin zuten.
Lointek Gernika Bizkaiak 67-48 irabazi zion Duran Maquinaria Ensinori. Sinesgarritasuna erakutsiz lortutako garaipena izan zen. Talde galiziarrak etxekoen defentsa hertzia sufritu zuen. Atsedenaldira arte partiduan sartuta aritu ziren bisitariak, baina, bigarren zatian eskuak lotuta eta aukerarik gabe aritu ziren. Batik bat bigarren zatian nagusitasun osoa erakutsi zuten etxeko jokalariek. Partidua kontrolpean eduki zuten, eta besteak beste, Dietricken kanpoko jaurtiketek eta Bostonek eta Woitak elkarlanean egindako kontraerasoko jokaldiek min handia egin zieten aurkariei.
Bi taldeek hiruko jaurtiketen aldeko apustua egin zuten neurketaren lehen minutuetan. Partituko 7. minutuan, lau puntuko errentagaz zegoen etxeko taldea (15-11), eta bi puntukoagaz amaitu zuten lehen txanpa: 17-15. Bigarren laurdenean, jokaldi eta jaurtiketa onak egin zituzten bi taldeek. Halere, zenbait momentutan, saskiratzeak lortzeko zailtasunak eduki zituzten; esaterako, sei minututan 4-2 partziala egin zuten. Gero, baina, 12-0ko partziala lortu zuen Lointekek, talde lan ikusgarriari esker. 31-23ko markagailuagaz heldu ziren atsedenaldira.
Kantxara bueltatuta, partidu bizia ikusi zuten Malosten bilduta zeuden zaleek. Hirugarren laurdenaren erdialdera, 45-31ko markagailuagaz, partidua erabakita geratuko zela zirudien. Etxekoen defentsa sendoak jaurtiketak eroso egiteko aukera barik utzi zituen galiziarrak. 17 puntuko aldeagaz (52-35) sartu ziren azken laurdenan, eta batik bat Dietrickek eta Wojtak esperantza barik utzi zuen Ensino. Etxeko taldeak intentsitatea eta eraginkortasuna mantendu zuen azken unera arte.
Europa. Bestalde, eguaztenean [azaroak 27]