Bi pertsona atxilotu dituzte Bermeon, droga saltzeagatik
Ustez herrian droga saltzen zuen bikotea atxilotu du Ertzaintzak, Udaltzaingoaren laguntzarekin
32 eta 42 urteko bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Bermeon, ustez herrian droga saltzen zutelako. Atxilotutako bikotearen etxea miatu dute poliziek, eta bertan 120 gramo metadona, hiru heroina-dosi eta droga saltzeko materiala zutela esan dute. Bost ordenagailu eta bi tableta be eraman zituzten ertzainek miatu zuten etxetik.
Ertzaintzak zabaldu duenaren arabera, urrian jakin zuten Bermeon heroinaren kontsumoak gora egin duela, eta ikerketa hasi zuen poliziak. Atxilotutako gizonezkoari egindako jarraipenaren ondorio izan da atzoko polizia operazioa, eta haren bikotea ere atxilotu dute operazio horren baitan. Bi atxilotuak epailearen aurrera eramango dituzte, droga saltzearen delitua leporatuta.