Itziar Amezaga Errigoitiko zinegotzia Udalbiltzaren Batzorde Eragileko kidea da
Jabi Asurmendi Arakaldoko alkateak hartu du Udalbiltzaren aginte makila. 20. urteurrena bete du Udalbiltzak eta zapatuko Batzar Orokorrean aurkeztu zuten zuzendaritza talde berria.
Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea da Udalbiltzaren lehendakaria eta zapatuan Durangoko San Agustin Kultur Gunean egindako Batzar Orokorrean hartu zuen aginte makila. Batzorde Eragilea berritu du erakundeak, eta Pili Legarra Asteasuko alkatea eta Irantzu Antoñana Vianako zinegotzia dira lehenkariordeak.
Zuzendaritza taldean sartu da Itziar Amezaga Errigoitiko zinegotzia. Hauek dira gainontzeko kideak: Jon Arriola (Berriatuko alkatea) Lamia Arcas (Laudioko zinegotzia) Asier Gonzalez (Bilboko zinegotzia), Andoni Gartzia (Astigarragako zinegotzia), Koro Etxeberria (Hernaniko zinegotzia), Xanti Kapendegi (Ahetzeko zinegotzia), Xebax Christy (Hazparneko zinegotzia), Aitor Elexpuru (Berako alkatea) eta Oihan Mendo (Garesko alkatea).
Zuzendaritza talde berria aurkeztu eta aho batez onartu zuten Udalbiltza osatzen duten hautetsiek, zapatuan. Luis Intxauspe aurreko lehendakariaren eskutik jaso zuen Asurmendik aginte makila.
Omenaldia. Udalbiltza 20. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta bere sorreran zein hurrengo urteetan egindako lana aitortu zieten hainbat kideri Durangoko ekitaldian. Omendutakoen artean egon ziren Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohia eta Udalbiltzako lehendakari ohia eta Maribi Ugarteburu Amorotoko alkate ohia eta Udalbiltzako kidea. Horiekin batera, honako hauek egon ziren zapatuan: Mertxe Aizpurua, Luis Intxauspe, Xabier Alegria, Pablo Gorostiaga, Imanol Esnaola, Meritxel Elgezabal, Santo Kiroga eta Roke Akizu.
Unean-uneko euskal gizartearen kezka eta beharretara egokitzearen beharrarekin batera, Udalbiltzan datozen urteetarako ezarri dituzten erronkak nabarmendu zituen Asurmendik: “Elikadura eta energia burujabetza, Euskal Herriaren barne kohesioa, herrien garapena, turismo eredu jasangarria… Udalbiltza guzti honi nazio mailako erantzuna emateko ezinbesteko erakundea dugu. Herrietatik eta kontzejuetatik gertu egon garen eta lekuan-lekuko arazoei aurre egiten laguntzeko prest gauden erakundea gara”.
Herri txikiak eta oro har, landa eremuak “husten” ari direla aitatu zuen: “Lurralde desoreka eta herri txikien despopulazioak, zinez kezkaturik gauzka. Egoera horri buelta ematen hasteko garai da. Ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, egoera lazgarri honi buelta ematea posible da, gaitasunak batuz eta kontzientziazioa landuz”. Gaur gaurkoz, bost proiektu nagusi garatzen ari dira: Hartu-eman esperientzia eraldatzaileen bankua; euskal unibertsitateetan sortzen den ezagutza, herrien garapenaren mesedetara jartzea asmo duen Ikerbiltza programa; senidetzeen bidez, Euskal Herriaren barne kohesioa lantzea xede duen Hurbiltzen plana; Lurgida, Euskal Herriko app turistikoa; eta Hauspotu, ekonomia sozial eraldatzailearen bidez, lurralde desorekari aurre egiteko egitasmoa.
Gaur egun, 1100 hautetsi inguruk eta 77 udalerri partzuergokidek osatzen dute Udalbiltza. Busturialdeko udalerri hauek daude Udalbiltza Partzuergoan: Ajangiz, Arratzu, Ea, Errigoiti eta Muxika.