Elikagaien Bankuak urteko bilketa nagusia egingo du asteburuan
Barikuan [azaroak 22] eta zapatuan [azaroak 23] egingo dute bilketa Gernika-Lumo eta Bermeoko dendetan. Boluntarioak behar dituztela azaldu dute.
Urtero legez, Gabonen atarian, urteko bilketa nagusia egingo du Bizkaiko Elikagaien Bankuak, eta Gernika-Lumon eta Bermeon ere bat egingo dute ekimenagaz. Barikuan [azaroak 22] eta zapatuan [azaroak 23] egingo dute bilketa herri bietako denda eta komertzioetan, nahi duten pertsona guztiek laguntzeko aukera izan dezaten.
Aurtengo ekitaldian ere bi era egongo dira laguntzeko. Alde batetik, betiko modura elikagaiak erosi, eta egitasmoan parte hartzen duten komertzioetan bertan utzita, eta, bestetik, iazko bilketan jada martxan jarri zuten bonu bidezko sistemaren bidez. Horren bidez, lagundu nahi dutenek diru laguntza bat emango dio supermerkatuko kutxazainari, eta Elikagai Bankuak diru kantitate hori erabili ahalko du produktuak erosteko. “Sistema horrek momentuan beharrezkoak diren elikagaiak erosteko aukera ematen du. Diru hori da hobetoen aprobetxatzen dena, ez du behar garraiorik eta ez du epemugarik. Behar denean behar duena hartzen du Elikagaien Bankuak”. Azaldu dutenez, bakoitzak nahi duen diru kopurua eman dezake, “ahal duen neurrian”.
Bestalde, oinarrizkoak diren elikagaiak jaso nahi dituzte batez ere, hala nola, olioa, kontserbak, kakaoa, lekaleak eta azukrea. “Alperrik galtzen ez diren janaria da, batez ere, behar duguna”.
Boluntarioak. Dendak zabalik dirauten ordutegian egongo dira boluntarioak janariak batzen. Bilketa egiteko boluntarioen beharra izaten dute, eta boluntario modura parte hartzeko deia ere egin dute herri guztietan. “Ordu asko dira eta laguntza behar izaten dugu”. Zehaztu dutenez, boluntarioek kanpainaren berri eman eta jendeak emandako janaria batu eta kaxetan gorde behar dute. Beraz, boluntario modura parte hartu nahi dutenek antolatzaileekin kontaktuan jartzea besterik ez dute egin behar.
Bilketa oso garrantzitsua dela azpimarratu dute, izan ere Elikagaien Bankuek urte batean ematen duten guztitik lauren bat jasotzen dute bilketa handi horretan, eta herritarrei parte hartzeko eskatu diete.