Xixilikoek Euskalgymen parte hartu dute
XIV. Nazioarteko Gimnasia Galan eta Espainiako Txapelketan egin duten lana azpimarratu dute Bermeoko klubaren ordezkariek.
Zapatuan [azaroak 16] Euskalgym XIV. Nazioarteko Gimnasia Galan egon ziren Xixili Gimnastika Taldeko kideak.
Hiru taldek parte hartu zuten Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egindako ekitaldian. Txikien taldea zortzigarren sailkatu zen euren kategorian. Gazte mailakoak bi taldetan banatuta aritu ziren; nagusiak hirugarren geratu ziren eta txikiak bederatzigarren.
Aurreko asteburuan, berriz, Espainiako Txapelketa lehiatu zuten Iruñan. Gazte mailako nagusien taldea seigarren sailkatu zen, eta bestea zazpigarren. Txiki mailan, 30.en sailkatu ziren. “Urte batzuk daramatzagu Espainiakoan parte hartzen. Aurten gure taldea eta Sakoneta izan dira Bizkaiko talde bakarrak”, azaldu dute klubaren ordezkariek.
Bi hitzorduetan “oso ondo” aritu direla eta pozik daude gimnastikalariak. Bietan taldekako lehiak izan dituzte, pelotekin eta zintekin: “Egindako lanagaz oso pozik daude. Gero eta hobeto ari dira; gorantza doaz. Txikiak ere aurrerapausoak ematen ari direla ikusten dugu”.
Astebeteko atsedenaldia dute orain gimnastikalariek eta datorren astetik aurrera bakarkako denboraldia prestatzen ariko dira buru-belarri. “Orain arte taldekako probak egin ditugu eta hemendik aurrera bakarkakoetan eta taldekakoetan ariko gara”. Gabonen ostean, zenbait torneotan parte hartuko dute, eta esaterako, bakarkako Espainiako Txapelketa martxoan lehiatuko dute.
*ARGAZKIAK: XIXILI GIMNASTIKA TALDEA