Gehienez, 20 parte hartzaile hartuko ditu Mundakako bakailao txapelketak
Zapatuan izango da txapelketa, hala ere, parte hartu gura dutenek, eguaztena izango dute izena emateko azken eguna.
Beste urte batez, badatoz Santa Katalina jaiak, eta Mundakan ez dago Santa Katalina jairik pil-pil erako bakailao txapelketa barik. Azaldu dutenez, lekua mugatua denez, 20 parte hartzaile bakarrik egon ahalko dira.
Txapelketa zapatuan egingo bada ere, izena emateko azken eguna eguaztena izango da. Udaletxean eman daiteke izena, 09:00etatik 14:00etara; udala.mundaka@bizkaia.org helbide elektronikora mezu bat bidalita ere egin daiteke. Mezua bidaltzerakoan, sukaldarien izen-abizenak, kazolaren izena eta harremanetarako telefono zenbaki bat zehaztu beharko dituzte parte hartzaileek.
Herriko txokoek, taldeek edota norbanakoek soilik parte hartu ahal izango dute, eta ohi legez, kazola bakoitzeko sukaldari bi egon ahalko dira.
10:00etan hasi ahalko dira bakailaoa prestatzen, eta 13:00etarako kazolak aurkeztu beharko dituzte udaletxeko arkupeetan. Ordutegia “zorrotz” beteko dutela diote, hau da, ordu horretatik kanpora ez dute kazolarik jasoko.
Sukaldariek zehaztutako lekuan prestatu beharko dituzte kazolak. Parte hartzaileek hiru osagai bakarrik erabili ahalko dituzte: berakatza, bakailaoa eta oliba olioa. Kazolek. gutxienez, sei bakailao ale, eta gehienez, bederatzi ale eduki beharko dtuzte.
Epaimahaiak puntua, zaporea eta aurkezpena izango ditu kontuan.