Bertoko produktuekin jakiak prestatu dituzte Merkatu plazan
Proiektua Basque Culinary Centerrekin lankidetzan antolatu du Eusko Jaurlaritzak, eta tokiko merkataritza aldarrikatzeko eta balioan jartzeko ekimena da.
Hornidura azokak dinamizatu eta bultzatzea helburu duen Merkatutik sukaldera proiektua jarri dute gaur Gernika-Lumoko Merkatu plazan.
Proiektua Basque Culinary Centerrekin lankidetzan antolatu du Eusko Jaurlaritzak, eta tokiko merkataritza aldarrikatzeko eta balioan jartzeko ekimena dela zehaztu dute: “Azoketako bizitasuna handitzea, balioa ematea eta kultura eta produktu gastronomikoak sendotzea bilatzen dugu”. Hori horrela, azokei ikuspuntu berri bat ematearren, berrikuntzaren eta dibertsifikazioaren aldeko apustua egin dutela diote arduradunek, “azokek adierazten duten izaera tradizioanala kontsumo ohitura berrietara egokituz”.
Gastronomiak Bizkai, Gipuzkoa eta Araban duen garrantzia azpimarratuz, hornidura-azokek zeregin nabarmena betetzen dutela diote: “Kontsumo arduratsu baten oinarria dira, kontsumitzaile gehienek tokiko eta Km0-ko produktu horrekin duten lehenengo kontaktua”.
Azokek kontsumitzaileei hurbiltzen diete produktua eta herritarrekin konektatzen dituzte nekazariak. Hori horrela, gaur, Merkatu plazako asteleheneroko produktuak erabiliz, jakiak prestatzeko tailerra zuzendu du Beñat Ormaetxeak, eta plazan egon diren herritarrek Ormaetxeak prestatutakoak probatzeko aukera eduki dute.