Familiartean pozik dabiltza Bermeoko udal zaharren egoitzako egoiliarrak
Ekitaldiz betetako goiza eduki dute, eta arratsaldean dantzan eta kantuan jarraituko dute.
Sancti Spiritus Bermeoko udal zaharren egoitza bete egin da gaur. Nagusien Eguna ospatzen ari dira, egoiliarrak dira gaur protagonista nagusiak, eta horretarako, euren familietako kideak ere bertaratu dira. “Pozik” zeuden denak batera.
Mezagaz hasi dute jai eguna. Meza ostean, berriz, Carmen Jaio eta Carmen Uribarri omendu dituzte. Bermeoko udal agintarien eskutik lore sorta bana eta oparitxo bat jaso dituzte. Ondoren, Alkartasuna Dantza Taldeko gaztetxoek prestatutako dantza ekitaldiarekin disfrutatu dute, ohorezko aurreskua dantzatu hasi dute ekitaldia, gainera.
Euskal dantzen ostean, Erroxape Abesbatza sartu da egoitzara, eta horiekin irrintziak ere itsi dira. Lauzpabost abesti kantatu dituzte, eta egoiliarrak kantuan jartzen saiatu dira, eta batzuekin lortu dute.
Ondoren, egoiliarrek eurek prestatutako koreografien txanda izan da. Eta, koreografien ostean, abesten jarraitu dute. Egoitzako koruak hartu du protagonismoa. Gustora kantatu dute bai egoiliarrek, bai eta euren familietako kideek ere. Egoitzako koruarekin Txabi, Isak eta Goizargik egiten duten lana eskertu gura izan dute.
Goizari amaiera borobila eman diote, bestalde, KIETB erraldoi txikien konpartsakoek.
Arratsaldean, jai giroan murgilduta jarraituko dute. Dantzatu Gurekin taldearen dantzekin ondo pasatzeko aukera edukiko dute 17:30ean, eta horiek amaitu ostean, eta jai egunari amaiera emateko Erroxapeko martxakoak sartuko dira bere kantu eta dantzekin.