Ander Elortegik irabazi du Busturialdeko Bertsolari Txapelketako bigarren kanporaketa
162,5 puntugaz sailkatu da finalera Elortegi; bigarren sailkatu zen, berriz, Eneko Aldana 157 puntugaz.
Muxikako Ariatzako Atxelipe Txokoan batuta egin zuten atzo Busturialdeko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, eta Ander Elortegi nagusitu zen 162,5 punturekin. Modu horretan, lehenengo kanporaketa irabazi zuen Aitor Etxebarriazarragagaz batera Astrako finalean egongo da Elortegi ere.
Azaldu dutenez, Leire Garatxenaren gidaritzapean, parte hartu zuten bertsolariek umorez jantzi zuten txokoa. Elortegiren atzetik sailkatu zen Eneko Aldana 157 punturekin. Nagore Beitia eta Ibai Amillategi bertsolariek puntuetan berdindu zuten, 148,5 bildu zituzten, hain zuzen ere. Bi puntu gutxiago (146,5) lortu zituen, berriz, Lurdes Ondarok, eta 144 puntu, berriz, Beñat Bilbaok.
Hirugarren eta azken kanporaketa azaroaren 29an (barikua) lehiatuko dute Belendizko txokoan. Azken kanporaketa horretan, Julen Arzanegi, Asier Galarza, Janire Arrizabalaga, Jon Arano, Enare Muniategi eta Iker Uriarte bertsolarien txanda izango da.