Umeen eskubideak defendatu dituzte gaur, Gernika-Lumoko Batzarretxean
Luis Ernesto Pedernera umeen eskubideen Nazio Batuen Erakundeko presidenteak Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu du. Euskal Herriko historia eta kultura ezagutzea ohorea izan dela beretzat esan du, eta Gernika-Lumo umeen eskubideen aldeko argia izango dela dio.
Luis Ernesto Pedernera umeen eskubideen Nazio Batuen Erakundeko presidenteak Gernika-Lumoko Batzarretxea bisitatu du gaur goizean. Umearen Eskubideen Konbentzioaren 30. urteurrenean hurbildu da udalerrira, eta umeeen eskubideen derrigorrezko babesa nabarmendu du.
Maiatzaren 13an hartu zuen kargua Pedernerak, eta Nazio Batuen Erakundeko kide diren herrialdeek umeen eskubideak betetzen dituztela zaintzen du.
Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak ondo etorria eman dio presidenteari, bai eta beragaz Batzarretxea bisitatu duten Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Unicefen batzordeko Francisco Alcolea, Ignacio Agreda eta Elsa Fuenteri; lehendakariorde, diruzain eta koordinatzaileariak dira hurrenez hurren.
Umeen Eskubideen Konbentzioaren 30. urteurrena baino egun batzuk lehenago hartu dituzte udalerrian; konbentzio hori da historia osoan zehar berrespen handiena eduki duen hitzarmena.
Txistulari eta danbolinaren soinuek lagundu diete Batzarretxean, eta Gernikako Arbolaren eta zaharraren aurrean geldialdia egin dute. Dantzari bikote batek, gainera, ohorezko aurreskua dantzatu du, eta horren ostean, osoko bilkuren eta beirateen aretoa bisitatu dute. Azkenik, ohorezko liburuan sinatu du presidenteak.
Bertan, Euskal Herriko historia eta kultura ezagutu dituela azpimarratu du, eta Gernikatik umeen eskubideen alde lan egiten jarraitzeko deia egin du presidenteak: “Gernika-Lumoko batzarretzea eta arbola bisitatzea eta Euskal Herriko historia eta kultura ezagutzea ohorea izan da niretzat. Aurrerantzean ere, ziur nago, Gernika-Lumo umeen eskubideen aldeko argia izango dela, eta eskubide horietan oinarrituta eraikiko dituela ume eta gazteen eskubideen aldeko politikak”.