Herritarrak arte eszenikoetara hurbiltzeko hiru ikastaro egingo dituzte Gernikan
Hiru saiotan antzerkia lantzeko ikuspuntu desberdinak jorratuko dituzte hiru sortzailek. Arte eszenikoetara herritarrak hurbiltzea bilatuko dute, eta ikastaroak Elai Alai aretoan izango dira.
Gernika-Lumoko herritarrei zein eskualdeko biztanleei antzerkira hurbiltzeko asmoz eta kultur eskaintza anitza emateko helburuagaz, Keinu izeneko hiru antzerki ikastaro antolatu dituzte Artedramak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxea Fundazioak hurrengo asteetarako.
“Arte eszenikoetara hurbildu nahi duten herritarrei aukera luzatu nahi diegu jolasa, irudimena eta sorkuntza elementu nagusitzat dituen antzerkiaren abenturan murgiltzeko”, adierazi dute arduradunek, eta parte hartzeko gonbitea egin diete herritarrei. “Gure keinua antzerkigileei, antzerkizale eta etorkizuneko aktoreei zabaldu nahi diegu gure herrian eta eskualdean”.
Hori horrela, arte eszenikoen munduan lehen pausoak emateko, euskarazko tailer trinkoak egingo dituzte asteburuan, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean, eta abenduaren 14an eta 15ean. “Antzerkia jolas moduan euskara hutsean lantzea da gure erronka nagusia beste behin ere», jakinarazi dute arduradunek. Saio horietan ikasle bakoitzak bere sormenezko unibertso propioa eraikitzea bilatuko dute, eta antzerkiak dituen forma guztiak ezagutzea: «Errotik gorantza datorren keinua, ahotsa, gorputza eta zeinua landu eta sorkuntzaren bide askeetan barrena murgilduko ditugu parte hartzaileak”.
Hiru ikuspuntu. Halaber, antzerkigile ezberdinen begiradak ezagutarazi gura dituzte. Hala, hiru ikastaro egingo dituzte, hiru sortzaile desberdinek zuzendutakoak.
Lehenengo saioa Amancay Gaztañaga sortzaile zestoarrak zuzenduko du, eta sorkuntzaren bide askeetan barrena murgilduko dira parte hartzaileak: “Kontatu gura dena zelan kontatu jakiteko beharrezkoak diren lan tresnak eskuragarri jarirko ditugu, interpretazioan lehen urratsak emanez”.
Bigarren ikastaroan Jon Ander Urrestik espazioarekin jokatuko du. “Espazioan egon, mugitu eta transformatzeko bidaian jolasaren plazerraz baliatuko gara bakoitzak duen animalia eszenikoan murgiltzeko eta ezagutzeko”, aitortu du sortzaileak.
Talde-lana eta aktorearen autonomia izango dira Ander Lipusek zuzenduko duen hirugarren tailerraren ildoak: “Aktorearentzako materialen praktika sortzaileak eta forma berrien bilaketa dira ikastaroaren xedea antzerkiaren laberintoan. Mekanikatik poetikara, ekintza dramatikoak eraikiko dira”.
Izen ematea, beharrezkoa. Ikastaroetan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa dela zehaztu dute antolatzaileek. Hori horrela, info@artedrama.eus helbide elektronikora idatzita edota hurrengo telefono zenbakira deituta egin beharko dute interesa dutenek: 615 77 95 11.
Ikastaroen egutegia
Etzi eta domekan
10:00-13:00. Amancay Gaztañagagaz ikastaroa Elai Alai aretoan, 15 urtetik gorakoentzat.
Azaroak 30 – Abenduak 1
10:00-11:30. Jon Ander Urrestigaz saioa Elai Alai aretoan, 8 eta 11 urte bitartekoentzat.
12:00-13:30. Jon Ander Urrestigaz saioa Elai Alai aretoan, 12 eta 114 urte bitartekoentzat.
Abenduak 14-15
10:00-13:00. Ander Lipusekin ikastaroa Elai Alai aretoan, 18 urtetik gorakoentzat.